Katilotxu Mundakako Emakumeen Elkarteak sustatutako proiektu barri bat jarri da martxan herriaren bihotzean. “Izan Ginelako, Gara” izenburupean, Mundakako emakumeen presentzia, lana eta memoria kolektiboa ikusaraztea dau helburu argazki erakusketa historiko honek.
Ekimen berezi honek herriko emakumeek gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren arlo desberdinetan izandako garrantzia berreskuratzen dau irudien bidez, belaunaldi berriei ondare hori ezagutzera emanez.
Udaleko arkupetan ikusgai abuztuaren 14tik aurrera
Argazki bilduma historiko hau Mundakako Udaleko arkupetan dago jarrita dagoeneko, abuztuaren 14tik aurrera. Bertatik igarotzen diren herritarrek zein bisitariek herriko emakumeen historiaren atal desberdinak ezagutzeko eta gogoratzeko aukera izango dabe udako egun hauetan.
Erakusketa hau aurrera eramateko, Katilotxu elkarteak Mundakako Liburutegiaren eta Mundakako Udalaren laguntza zein babes zuzena izan dau, herriko artxibo zein memoria grafikoa kudeatu eta denei zabaltzeko asmoz.



