Bilboko Aste Nagusia ate-jokuan daukagu eta jaiaz gozatzeko garraio publikoa erabiltzea da aukerarik seguruena eta erosoena. Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen zerbitzu bereziak ezarriko dauz abuztuaren 22tik 30era bitartean, jendearen joan-etorri oro errazteko asmoz.
Busturialdeko herritarrei jagokonez, A3515 Bilbao-Bermeo lineak gaueko maiztasuna indartuko dau nabarmen. Egun askotan autobusa 30 minuturik behin igaroko da, jaia bertatik bertara bizi nahi daben herritarrek etxera bueltatzeko aukera zabala euki daien.
Astean zehar zein asteburuetan irteera orduak egokituko dira jaiaren erritmora. Abuztuaren 22an eta 29an, esaterako, Bilbotik 19:00etatik 07:00etara eta Bermeotik 17:40tik 05:40ra bitartean egongo dira autobusa hartzeko aukerak ordu erdiro. Abuztuaren 23an, ordea, Bilboko irteerak 23:00etatik 06:00etara eta Bermeokoak 22:40tik 05:40ra izango dira.
Aste barruko egunetan —abuztuaren 24tik 28ra bitartean— autobusak 22:30etik 06:00etara irten dira Bilbotik, eta Bermeotik 22:10etik 05:40ra. Jaiak amaitzeko, abuztuaren 30ean, Bilbotik ateratzeko azken zerbitzua 23:15ean izango da.
Gogoan izateko moduko ohar bi be helarazi dabe: batetik, gaueko zerbitzu hauetan ezin izango da eskudirutan ordaindu (Barik txartela beharko da); eta bestetik, gaueko 00:00etatik aurrerako irteerak hurrengo eguneko goizaldeari dagozkiola kontuan hartu behar da plangintza egiterakoan



