Mundakak Gerra Zibilean fusilatutakoak omenduko dauz eta familien testigantzak batu nahi dauz

Mundakako Udalak omenaldi berezia eta lore-eskaintza prestatuko dauz datorren irailaren 13an, Alkate Mallona parkean, Gerra Zibilean fusilatuak izan zirenen oroimenez.

Ekimen honen helburu nagusia indarkeria zein errepresioa jasan ebezan herritarren memoria bizirik mantentzea da, bidezko aitortza eta errespetua adierazteagaz batera. Udaletik azpimarratu dabe garrantzitsua dela garai haretako gertakariak ez ahaztea.

Omenaldi hau hobeto osatzeko zein borobiltzeko, Udalak dei egin dautsie garai hartan kalteak edo errepresaliak jasan ebezan senideei euren informazioa eta testigantzak helarazteko, familiak diralako memoria hau berreskuratzeko gako nagusia.

Senide zein herritarrek irailaren 7ra arte daukie ekarpenak egiteko epea zabalik. Parte hartu nahi dabenek helbide edo telefono hauetara jotzeko aukera daukie:

  • Telefonoa: 946 177 200

  • Helbide elektronikoa: harrera.mundaka@bizkaia.org

Udalak aldez aurretik eskerrak emon gura deutsie informazioa edo lekukotzak emango dituzten familia zein pertsona guztiei euren laguntzagaitik.