Ainhoa Meñaka Haszten klubeko kirolari gernikarrak Seulgo World Boccia Championship lehiaketan parte hartuko dau eguen honetan hasita, bai banaka baita taldeka be. Hego Koreako hiriburuan jokatzen den munduko txapelketa honek nazioarteko rankingerako puntuak gehitzea dauka helburu.
Boccia petankaren antzeko kirola da, estrategia eta doitasun handia eskatzen duna, eta gurpildun aulkian lehiatzen diren desgaitasun fisikoa, paralisia zein garuneko lesioa daukaten kirolariei zuzenduta dago. Pista errektangular, lau eta leun batean jokatzen da, sei bolagaz, helburua diana lana egiten dauan bola zurira ahalik eta gehien hurbiltzea izanda.
Gernikarra azken lau urteetako Euskadiko txapelduna da eta 2024an Espainiako txapeldun titulua lortu eban. Espainiako selekzioan 2023an sartu zenetik, nazioarteko domina ezberdinak eskuratu dauz banakako zein taldekako kategoria ezberdinetan.
Eguen honetan, abuztuak 27, egingo dau debuta banakako txapelketan Cristina Gonçalves portugaldarraren aurka. Multzoen fasea barikuan, abuztuak 28, amaituko dau Karina Martínez Sandoval mexikarraren kontra lehiatuz. Irune Muñecas entrenatzaileagaz batera prestatutako txapelketa hau nazioarteko lehiaketan esperientzia pilatzeko eta rankingerako puntuak metatzeko mugarri nagusia izango da.



