Ereñok desfibriladore kopurua bikoiztu eta gailuak berritu dauz larrialdiei hobeto erantzuteko

Ereñoko Udalak urrats garrantzitsua emon dau herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko bidean. Bihotz-larrialdien aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko asmoz, herriko desfibriladore sarea barritu eta handitu dau. Hemendik aurrera, bi desfibriladore egongo dira udalerrian erabilgarri.

Barrikuntza nagusietako bat Gabikako auzoan dago. Udalak gailu barri bat jarri dau bertan, Txokoaren sarreraren ondoan, auzokideek larrialdi egoera batean hain funtsezkoa den baliabide hau gertuago izan daiten.

Beste gailua udaletxe ondoko aterpean kokatuta dago, orain arte egoan leku berberean, baina ekipo barri bategaz ordezkatu da. Gailu barri honeek hobekuntza tekniko nabarmenak daukiez: helduekin zein haurrekin erabili ahal dira, orain artekoak ez bezala.

Gainera, desfibriladore erdiautomatiko biak babes-kutxa seinaleztatuetan gorde dira, eta abisu zein geolokalizazio-sistemak daukiez azkar aurkitzeko.

Prestakuntza saioak herritarrentzat

Gailuak jartzeaz gain, Udalak prebentzioaren eta formazioaren aldeko apustua egin dau. Proiektuak 4.320 euroko inbertsioa dauka (BEZa kanpo) eta hamar lagunentzako prestakuntza-saioa biltzen dau. Bertan, gailua erabiltzeko jarraibideak eta bihotz-biriketako bizkortze (PCR) oinarrizko teknikak ikasiko dira.