Gernika-Lumoko etxeko hondakin organikoak banatzea gero eta errazagoa eta ohikoagoa da. Duela hamarkada bat martxan jarri zen gaikako bilketa sistemari esker, herritarren erantzuna oso positiboa izaten ari da: materia organikoaren zerbitzuan izena emondako 835 pertsonetatik 726k erabili dabe nozbait Kultur Etxean dagoen konpost-poltsen makina saltzailea.
Ahalegin horri eusteko eta herritarrei bidea errazteko asmoz, Udalak urtero 80.000 poltsa konpostagarri doan banatzeko konpromisoari eutsi dautso. Horretarako, bi urterako hornikuntza-kontratu barria esleitu dau.
Banaketa Kultur Etxean eta tamaina handiko zerbitzua
Zerbitzua 2016an hasi zen herrian, kaleetan edukiontzi marroi itxiak jarri zirenean. Hondakin hauek tratamendu egokia jaso dezaten, beharrezkoa da poltsa konpostagarri berezietan lagatzea. Banaketa doakoa da:
-
Etxekoak: Kultur Etxeko beheko solairuan, liburutegiko sarreran dagoen makinaren bidez jasotzen dira poltsak, HAZen emandako kodea erabilita.
-
Jantoki handiak: Ikastetxe eta egoitzetarako banaketa sistema zehatz baten bidez egiten da, poltsa handiagoak erabiliz.
Etxeko lana, poltsikoarentzat eta ingurumenarentzat mesede
Hondakin organikoak ondo banatzeak naturari laguntzeaz gain, udalerriko kontu publikoei ere mesede egiten dautsie zuzenean. Izan ere, hondakin organiko kilo bat kudeatzea erdia merkeagoa da edukiontzi berdera doan nahastutako errefusa kudeatzea baino.



