Muruetak Kangbeng Elkartearen hitzaldia hartuko dau irailaren 3an, Gambiako egitasmoak gertutik ezagutzeko

Gambiagaz daukien elkartasun zubia sendotzeko asmoz, Kangbeng Elkarteak hitzaldia antolatu dau datorren eguenerako, irailaren 3rako. Ekimena arratsaldeko 19:00etan izango da, Muruetako Udaletxean, eta herritar guztiak deituta dagoz bertara hurbildu eta elkarteak Afrikako herrialde horretan bultzatzen dabezan proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.

Muruetako Udalaren laguntzagaz antolatutako saio honetan, elkarteko kideek euren esperientziak, garatutako lanak eta bertako komunitateagaz lortutako aurrerapausoak azalduko dabez. Kangbeng Elkarteak hezkuntza, osasuna eta garapen komunitarioa bezalako arlo garrantzitsuetan eragiten dau Gambia hegoaldean, eta hitzaldian arlo horietan emondako urratsak eukiko dabez hizpide.

Antolatzaileek herritar guztiei luzatu deutsie gonbidapena, elkartasuna ardatz daukien ekimen honetan parte hartu eta proiektuaren xehetasunak ezagutzeko.