Musika, koreografiak eta herritarren sormena nagusituko dira berriro Bermeon. Datorren irailaren 15ean, martitzena, herriko Playback Txapelketa ospatuko da arratsaldeko 18:00etan Lamerako eszenatokian. Jaiaren atarian, giroa berotzeko aukera paregabea eukiko dabe bermeotarrek.
Izena emoteko epea irailaren 1etik 7ra bitartean egongo da zabalik Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Parte-hartzaileek izen-emotea bertako harreran osatu beharko dabe, orria beteta eta erabili nahi daben abestia Pendrive batetan bertaratuta. Ez da parte-hartzaile kopuru mugaturik egongo, eta hiru kategoria desberdindu dira: Umeak (16 urtera arte), Nagusiak (17 urtetik gora) eta Nahastata (nagusi zein umeak alkarregaz).
Antolakuntzatik argi itzi gura izan dabe euskarazko abestiei puntu gehiago emongo jakela eta, koreografia lantzeaz gainera, ezinbestekoa izango dela abestiak abestea. Abestiak ezin dira errepikatu (lehenengo izena emoten dauenak izango dau lehentasuna) eta mezu edo edukitara bideratutako errespetu zorroztasuna eskatuko da: ez dira onartuko mezu iraingarri, sexista edo homofoboak dituzten proposamenak.
Egun horretan bertan, talde bakoitzak 17:30ean egon beharko dau Lamerako eszenatokiaren atzealdean. Euria egin ezkero, ekimena irailaren 18ra atzeratuko litzateke.



