Udalak eta Gaztetxeko kideek euren jarrerak defendatu dabez Pasealekuko gatazkaren aurrean

Gernika-Lumoko Udalak eta Gaztetxeko asanbladak adierazpenak emon dabez gaur, irailak 1, Pasealekuko eraikinean eregitekoa den liburutegi barriaren inguruko gatazka argitzeko. Jose Maria Gorroño alkateak eta kide okupanteek euren ikuspuntuak plazaratu dabez, eraikinaren etorkizuna eta desalojo prozesua hizpide hartuta.

Udalaren helegitea: legezkotasuna eta interes orokorra

Udal gobernuak agerraldia egin dau Pasealekuko hegoaldeko eskoletan proiektatutako liburutegi publiko barriaren garrantzia azpimarratzeko. Alkatearen esanetan, eraikina 1927tik dago zerbitzu publikorari bideratuta eta orain 720 metro koadroko espazio modernoa bihurtu nahi da.

Gorroñok eta udal korporazioko hainbat kidek defendatu dabe proiektua herri osorako dela eta ez interes partikular bati erantzuteko eta abuztuaren 20an desalojo prozesu administratiboa abiatu zela azaldatu eban alkateak, abuztuaren 24rako eraikina lagatzeko eskatuz. Atzo bertan entzunaldi izapide barria igorri zen.

Bestalde, Udalak 7 bileratik gora egin dabezela adierazi dau. Era berean, Astrak 2.400 m² baino gehiago daukazela eta hirugarren solairua despentsa moduan erabiltzen dela gogoratu dau, elkarrizketa bideak zabalik jarraitzen dabela gaineratuz.

Gaztetxearen erantzuna: alternatiba erreal bat bermatu arte jarraituko dabe

Bestalde, Gaztetxeko asanbladako kideek berretsi dabe ez dabela espazioa itziko alternatiba erreal eta bermatu bat mahai gainean egon arte.

Proiektua bizirik mantentzea da euren helburua. Liburutegiaren beharra ulertzen daben arren, bi egitasmoak bateragarriak direla uste dabe. Horrez gain, kideek salatu dabe orain dela hilabete batzuk zerradura modu ilun batean aldatu ebela, eta Udalaren gardentasun falta azpimarratu dabe.

Obrak atzeratzea eskatu dabe eraikin barri bat erosi edo bermatuta eukiko daben arte. Astrako espazioa jada erabilita dagoela gogoratu dabe, beraz ez dela beraientzako aukera erreal bat.

Bi aldeek elkarrizketarako atea zabalik daukiela esan badabe be, egoerak tentsioan jarraitzen dau obren hasieraren eta prozedura administratiboen atarian.