Hamar kilo droga eukan gizon bat atxilotu dabe Bermeon, etxean banaketa puntua eukiteagatik

Ertzaintzak 48 urteko gizon bat atxilotu dau Bermeon asteburuan osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, bere etxebizitzan mota desberdinetako hamar kilo inguru substantzia estupefazienteak aurkitu ondoren.

Etxeko erregistroa joan den eguenean egin eben baimen judizialagaz, eta bertan 8 kilo haxix, 1,3 kilo marihuana, 350 gramo speed, 150 gramo metanfeta eta 100 gramo kokaina inguru topatu ebezan. Droga horregaz batera, eskudirua eta substantziak pisatu zein manipulatzeko erabiltzen ziran hainbat tresna ere konfiskatu dabez.

Erosleen joan-etorri etengabea

Operazioa martxan jarri zan Ertzaintzak Bermeoko etxebizitza batean droga saltzen ebilera susmoa hartu ebanetik. Hainbat hilabetez, ikertzaileek zainketa-gailuak jarri ebezan eraikinean. Denbora horretan, ohiko kontsumitzaileak etxera sartu eta irten ibiltzen zirala egiaztatu eben, bertan oso denbora gutxi igarotzen ebelarik.

Poliziek hainbat erosle gelditu ebezan etxea uzten ebenean, eta etxetik urten barri speed, kokaina zein beste substantzia batzuk erosi ebezala egiaztatu ahal izan eben.

Gernikatik bideratutako ikerketa

Ikerketa lanak Gernikako Ertzaintzaren etxetik bideratu dabez. Agenteak zainketa lanez arduratu dira etxebizitzara sartzeko eta erregistroa eskatzeko adina aztarna zein frogak batu arte.

Azkenean, operazioa eguen honetan amaitu da materiala bahituz eta 48 urteko gizona atxilotuz. Atxilotuak aurrekari polizialak daukaz dagoeneko, eta kargualdi hau Bermeon drogen trafikoagaz amaitzeko zabalik dagoen ikerketaren barruan kokatzen da.