Ibarrangeluko Udalak eta Kultur Etxeak ateak zabaldu dautsoz ikasturte barriari, herritar guztiei bideratutako jardueren egitarau oso bat prestatuz. Besteak beste, Euskara, Ingelesa, Training-a, Zumba, Pilates, Yoga, Gimnasia Funtzonala, Panderoa, umeentzako Euskal Dantzak, Gitarra/Bateria, Marrazketa zein Mugitu, Disfrutatu, Indartu! ikastaroak egongo dira aukeran aste osoan zehar.
Izen-emate epea zabalik dago jada erroldatuentzat irailaren 24ra arte. Erroldatu gabeko pertsonek berriz, irailaren 9tik 24ra bitartean egin ahal izango dabe eskaera, betiere leku libreak geratzen badira. Plazak mugatuak dira eta jarduera bakoitza aurrera ateratzeko gitxienez 6 parte-hartzaile beharko dira.
Parte hartu nahi dabenek hileko lehen astean edota hiruhileko osoan egin beharko dabe ordainketa plaza bermatuta izateko. Izena emoteko edo informazio gehiago jasotzeko, herritarrek Ibarrangeluko Kultur Etxera jo ahal dabe zuzenean.



