Gernika-Lumok 2026-2027 ikasturterako kirol ikastaroetan izena emoteko epea zabaldu dau

Adin eta maila guztietara egokitutako jarduera eskaintza zabala prestatu dau Gernika-Lumoko Kirol Patronatuak datorren ikasturterako. Aurten be, herritarren osasuna eta mugimendua bultzatzeko helburuaz, jarduera fisiko askotarikoak eta ordutegi malguak batu dabez aukeraketaren barruan.

Izen-emotea zabalik dago jada, eta eskaintzaren barruan mota guztietako kirolak aurkitu daitekez: judoa, karatea, gimnastika erritmikoa, pilota eta eskalada, besteak beste. Horrez gain, mantentze-lanak eta ongizatea bilatzen dabenentzat be egongo da aukerarik, hala nola yogaz, GAPaz, aquagymaz, bikingaz, fitness funtzionalaz zein pilatesaz gozatzeko aukera egongo da Santanape kiroldegiko instalazioetan.

Egun osoan zehar zabaltzen diren ordutegiak

Eskaintza buztartzeko orduan, kirol patronatuak adin zein ohitura ezberdinetara egokitu gura izan dau. Umeentzako jarduerak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira. Nagusien kasuan, ostera, egunean zehar banatutako ordutegi zabala egongo da: goiztiarrenek goizeko 08:05etik aurrera daukie kirola egiteko bidea, eta azken saioak gaueko 21:00ak arte luzatuko dira, aukeratutako modalitatearen arabera.

Prezioak eta bonifikazioak

Oso prezio herrikoiak jarri dabez aukeran, denak be 12,10 eurotik aurrera hilero. Abonatuentzako hileko kuota arruntak 12,10 euro, 24,30 euro, 26,45 euro, 36,35 euro eta 37,50 euro ingurukoak dira. Abonatu gabeko pertsonen kasuan, jarduera batzuek 69,75 eurora arteko prezioa eukiko dabe hilero. Horrez gain, hiru hileko tarifak eta eguneko txartel zein bonuen bidezko sarbideak be aurreikusi dabez.

Inskripziorik gabeko jardueretarako:

  • Eguneko sarrera: 3,45 euro.

  • 10 sarrerako bonua: 32,65 euro.

  • Hileko bonua: 43,75 euro. (Abonatuek ez direnek kiroldegiko sarrera jagokona ordaindu beharko dabe).

Aipatzekoa da 65 urtetik gorakoek %50eko deskontua eukiko dabela. Bonifikazioak be egongo dira familia berbereko kide hainbatek izena emoten dabien, betiere jarduera hasi aurretik eskaera eginda.

Zelan eman izena?

Izena emoteko edo informazio gehiago jasotzeko, herritarrak Santanape Kiroldegira hurbildu ahal dira edo kirolak.gernika-lumo.eus webgunearen bidez egin dezakete izen-ematea. Zalantzak argitzeko, Kirol Patronatuak 94 627 00 45 telefono zenbakia be bideratuta dauka.