Adin guztietako pertsonentzako herria ereikitzen jarraitzeko asmoz, Ea Lagunkoia proiektuaren fase barria abiatuko dau Udalak. Bide honi berriro ekiteko, lehenengo aurkezpen publikoa irailaren 10ean egin da Eskolondon. Ekimen honen helburu nagusia da Ea gero eta irisgarriagoa, inklusiboagoa eta lagunkoiagoa izatea, herritarren parte-hartzea oinarri hartuta.
Proiektu hau Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bultzatutako Udalerri eta Komunitate Lagunkoien Sarearen barruan dago, eta Euskadi Lagunkoia programaren bidez garatzen da. Eak 2016an egin eban lehen lagunkoitasun-diagnostikoa eta 2017an onartu eban lehen Ekintza Plana. Ia hamar urte igaro ostean, Udalak egungo errealitatea aztertzeko eta erronka barriei erantzuteko garaia dela iritzita abiatu dau berraztertze hau.
Bilerak Eskolondon eta aztertu beharreko gaiak
Diagnostiko barria osatzeko, lau bilera parte-hartzaile antolatu dira datozen asteetarako Eskolondon:
-
Irailak 15 (18:00etan): Garraioa eta Etxebizitza.
-
Irailak 28 (10:00etan): Aire zabaleko espazioak eta Eraikinak.
-
Urriak 6 (18:00etan): Parte-hartzea eta gizarte sarea, Errespetua eta inklusioa, zein Parte-hartzea eta enplegua.
-
Urriak 26 (10:00etan): Komunikazioa eta informazioa, zein Gizarte eta osasun zerbitzuak.
Ondoren, azaroan edo abenduan bosgarren saio bat egingo da ondorio nagusiak aurkezteko (data oraindik zehazteke dago).
Inkestak eta herritarren parte-hartzea
Bileraz gain, lagunkoitasun-inkesta bat be zabalduko da. Galdetegiak online zein paperean bete ahal izango dira. Paperezkoak herriko gune estrategikoetan egongo dira eta 60 urtetik gorako herritarrek etxean be jasoko dabez. Erantzunak batzeko kutxak jarriko dira Bedaronako txokoan, udaletxean, Eskolondon eta Natxituko bolatokian.
Eako Udalak herritar guztiak gonbidatu gura dauz prozesu honetan parte hartzera, jasotako ekarpenak izango baitira datozen urteetako jardueren oinarri nagusia.



