Bermeotarren aspaldiko eskaera bati erantzuna emonez, herriko lau erraldoi ikonikoen miniaturazko bertsioak prest daukaz Bermeoko Udalak. Josefin eta Anton arrantzaleak zein Mari eta Lorentzo baserritarrak 23 zentimetroko gomazko figuretan kaleratu dira. Guztira 1.400 ale ekoiztu dira —350 erraldoi bakoitzeko— eta lehenbizikoak Santa Eufemia Egunean jartzeko prest egongo dira, irailaren 16an, goizeko 10:00etatik 12:00etara bitartean herriko azokan. Ale bakoitzak 20 euroko prezioa izango dau.
Bi hamarkada baino gehiagoz, Bermeoko Erraldoien Konpartsak herriko kaleak alaitu dauz lau pertsonaia hauekaz. Kalejirak eta ekitaldiak herriaren iruditeria kulturalaren eta nortasunaren zati garrantzitsu bihurtu dira. “Erraldoiak ez dira jaietako kalejiretan agertzen diren panpinak bakarrik; gure kultur ondarearen parte dira. Oso pozgarria da eskaera honi erantzuna emotea Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrenagaz bat eginez”, adierazi dau Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak.
Proiektua elkarlan estuan bideratu da Bermeoko Udala, Erraldoien Konpartsa eta Indarein enpresaren artean. Guztira 25.223,66 euroko inbertsioa egin dau Udalak, eta adierazi dabe helburua produkzio-kostuak estaltzea besterik ez dela, irabazi asmorik gabe. Konpartsatik ere pozik agertu dira azken emaitzagaz eta herritarren etxeetara iristeko aukeragaz. Salmenten arrakastaren arabera, aurrerago figura gehiago egiteko aukera baloratuko dau Udalak.



