Bermeoko Udalak herri-prozesu zabala abiatu dau herriko emakume eta disidentziei bideratutako Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko. Lehenengo gogoeta-fasea herriko eragile eta emakumeen taldeakaz egin ostean, udazkenean herritar guztiei irekitako saioak jarriko dira martxan espazio barri honen izaera, funtzioak eta antolaketa-eredua alkarregaz zehazteko.
Proiektuaren helburu nagusia da bermeotar zein errealitate anitzen ahotsak erdigunean ipintzea eta etorkizuneko gunearen bide-orria modu parte-hartzailean adostea. Horregatik, Udalak herritar guztiak gonbidatu gura dauz espazio publiko-komunitario hau denon artean irudikatzeko eta eraikitzeko.
Lehenengo hitzordua: Umorea eta esperientziak Bekoportalen
Prozesua herrian ezagutarazteko eta lehenengo gogoeta-hazia ereiteko, lehenengo hitzordua irailaren 18an izango da, 18:30ean, Bekoportalen. Barikuko topaketak bi zati nagusi eukiko dauz:
-
‘Gregoria’ bakarrizketa: Beatriz Egizabal aktorearen umorezko emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.
-
Esperientzien trukaketa: Beste herri batzuetan martxan dauden ahalduntze etxeen ibilbidea ezagutuko da, Bermeoko proiekturako ideiak eta gakoak jasotzeko asmoz.
Asanblada irekia: Urriaren 17an
Partaidetza-prozesuaren lan-saio nagusia urriaren 17ko zapatu goizean egingo da. Asanblada ireki eta trinko honetan, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dabez gunearen erabilera, izaera eta kudeaketaren inguruan, proiektua pixkanaka errealitate bihurtzeko.



