Bermeo, Mundaka, Elantxobe eta Busturialdeko kostaldeko herriek aukera barriak eukiko dabez arrantza-sektorea dibertsifikatzeko eta proiektu barriak martxan jartzeko.
Arrantza-sektoreari eta gure kostaldeari aire barria emoteko apustu sendoa egin dau Eusko Jaurlaritzak. Guztira 2,1 milioi euroko laguntza-saila onartu dau 2026 eta 2027 urteetarako, Euskadiko arrantza-eremuetan ekonomia urdina sustatzeko, enplegua sortzeko eta herrien garapen jasangarria bultzatzeko.
Deialdi honen helburu nagusia gure arrantza-komunitateen ekonomia dibertsifikatzea da. Dirulaguntza honekaz, enpresa barriak sortzea, dagoeneko martxan dagozan negozioetan bide barriak zabaltzea eta kostaldeko ingurumen zein kultura-ondarea balioan jartzea lortu nahi da.
Busturialdea eta Bizkaiko kostaldea, foko nagusian
Laguntza honek eragin zuzena eukiko dau gure eskualdean. Izan be, Bermeo, Mundaka eta Elantxobe dakarz berariaz ezarritako eremu estrategikoen artean (Ondarroa, Lekeitio, Lemoiz, Plentzia eta Euskadiko gainerako arrantza-udalerriekaz batera).
Kudeaketa ez da urrunetik egingo: proiektuak Itsas Garapen Elkartea (Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldea – GALP) erakundearen bidez bideratuko dira, Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiaren barruan.



