Bermeon alokairu sozialeko 52 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua lizitatu dau Eusko Jaurlaritzak

Visesa sozietate publikoak argitaratu dau deialdia, eta eskaintzak aurkezteko epea urriaren 22ra arte egongo da zabalik. Eskualderako albiste garrantzitsua da, herriko bizitegi-premiei erantzuteko urrats zehatza delako.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari atxikitako Visesa sozietate publikoak alokairurako etxebizitza babestuak garatzeko bi sustapen barriren proiektuen idazketa eta obra-zuzendaritza lizitatu dau. Guztira 328 etxebizitza eregiko dira Euskadin, bi lotetan banatuta eta 2 milioi euroko oinarrizko aurrekontuagaz (BEZik gabe).

Proiektu honen barruan, gure eskualdeari zuzen-zuzenean eragiten deutson atala Bermeoko sustapena da. Bigarren lotearen bidez, 500.000 euroko aurrekontuagaz (BEZik gabe), Bermeoko 21.2 EUko 18. partzelan alokairuko 52 etxebizitza babestu eraikitzeko lana bideratuko da. Bestalde, lehenengo loteak Zabalganan (Gasteiz) 276 etxebizitza eregitea aurreikusten dau.

Eskaintzak aurkezteko epea datorren urriaren 22ko 10:00etan amaituko da.

Tokiko premiak erdigunean

Herri mailako alokairu sozialeko parkea zabaltzea helburu nagusia da, herritarren bizitegi-premiei erantzun egokia emoteko. Sustapen barri hau Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan etxebizitza eskuragarrien eskaintza 7.000 unitatetan handitzeko daukan estrategian kokatzen da. Udalak eta Jaurlaritzak elkarlanean jarraitzen dabe baliabideak zein lurzoru publikoak mobilizatzeko.

Enpresa interesatuek Visesaren kontratatzailearen profilaren bidez aurkeztu ahalko dabez euren proposamenak epea amaitu baino lehen.