Minbiziaren ikerketea kalera hurbilduko dau Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bermeon

Zientzia eta ikerketea herritarrei gerturatzeko asmoz, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak ekimen berezia antolatu dau datorren irailaren 26rako Bermeon. Ekintza hau Minbiziaren Ikerketaren Munduko Egunaren harira (irailak 24) prestatu daben “Inpaktudun ikerketea: bizi-proiektuak bultzatzen dabezan ikerketa-proiektuak” kanpainaren barruan kokatzen da.

Helburu nagusia da jendartean argi erakustea zientziaren aurrerapenek bizi-kalitatea hobetzen eta gaixotasun honen aurreko biziraupen-tasak igotzen laguntzen dabela. Elkartetik azpimarratu dabe finantzaketa egonkorra beharrezkoa dela ikertzaileen belaunaldi barriei bidea eduki ahal izateko eta aurrerapen guztiak pazienteei heltzeko, bizi diren lekuan bizi direla.

Gaur egun, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 36 ikerketa-proiektu bultzatzen dauz hiru zentrotan sakabanatuta, 7 milioi eurotik gorako inbertsinoagaz. Horrez gain, gure lurraldeko hamar gaixok parte hartzen dabe Patient Advocacy egitasmoan; ekimen honen bidez, gaixoen esperientzia zuzena ikerketa-prozesuan sartzen da, zientzialarien lana benetako beharretara bideratzeko.

Bermeon egingo den ekintza ez da bakarra izango, iraila amaierara arte Bizkaiko hainbat udalerritan egongo baitira antzeko ekimenak, hala nola Bilbon, Zornotzan, Balmasedan, Durangon edota Ermuan. Elkartearen helburua argia da: 2030erako minbiziaren biziraupen-tasa %70etik gorakoa izatea, batez ere gaur egun aurrerapen gitxien eduki daben birus eta tumoreetan indarra jarriz.