‘Bertoko zaporeak eta kirola’ jardunaldia BBK Klima Abenturan

Iraila amaitzeko plan borobila daukie Busturialdeko familiek. Datorren larunbatean, irailak 26, “Bertoko zaporeak eta kirola” jardunaldia egingo da Busturiko BBK Klima Abentura parkean. Egun osoko egitarau honegaz, aisialdia, kirola, autozaintza eta gure lurraldeko gastronomia modu erakargarri zein hezitzailean uztartu gura dira familian gozatzeko.

Irailak proposamen interesgarriak ekarri dauz Busturira eta ekimen honen bidez berriro ere erakutsi gura da bizimodu osasuntsu zein jasangarriagoak bultzatu ahal direla denbora kalitatez partekatuz.

Egitarau zabala eta doakoa (baina aurretik izena emanda)

Parkeko jardueretan parte hartzea guztiz doakoa izango bada ere, antolatzaileek jakinarazi dabe ezinbestekoa dela aurretik parkerako sarbide-txartela erreserbatzea.

Hona hemen egunean zehar antolatu daben egitarau erakargarria:

  • Bizikletak zaintzen eta konpontzen (BASATI): Mugikortasun jasangarria sustatzeko, BASATIren eskutik lantegi praktikoa egingo da. Adituekin batera, bizikletak egoera onean mantentzen eta konponketa txikiak norberak egiten ikasiko dabe parte-hartzaileek.

  • Mugimendua eta familia-loturak (Zihara Arrasate): Autozaintzan eta pertsonen arteko loturetan aditua den Zihara Arrasatek saio eraldatzailea bideratuko dau. Jolasa, mugimendua eta ikaskuntza partekatua erabiliko dira familian erlazioak eta konfiantza sendotzeko.

  • GastroTeams sukaldaritza-esperientzia (Zigor Iturrieta eta Ekaitz Apraiz): Bertoko gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukera paregabea. Jolasaren eta elkarlanaren bidez, sukaldeko errezeta bereziak prestatzen ikasiko da Zigor Iturrieta eta Ekaitz Apraiz sukaldarien laguntzagaz.

  • Ahalegina eta erresilientzia (Higinio Rivero): Egunari amaiera bikaina emoteko, Higinio Rivero eliteko parakanoista euskaldunak hitzaldia emongo dau. Kirolariak bere bizi-esperientzia eta hausnarketak partekatuko dauz, kintza, diziplina eta konpromisoa bezalako balioak mahaigaineratuz.

Eskualdeko familia zein gazte guztiak dagoz gonbidatuta zapatuko esperientzia hau bertatik bertara bizitzeko.

Informazio gehiago jasotzeko eta sarrerak erreserbatzeko, bisitatu www.bbklima.eus webgunea