Udalak eta Ebetek bultzatutako ekimenak gazte eta nerabeen kirol-eremuan euskararen presentzia biderkatzea dauka helburu, alkarrekin eta klub bakoitzaren errealitatetik abiatuta urrats zehatzak emanez.
Gazteen egunerokoan kirolak daukan pisuaz jabetuta, Bermeoko Udalak eta Ebete hizkuntza-zerbitzuak egitasmo sendoa jarri dabe martxan herriko kirol-alkarretan euskararen erabilera sustatzeko. Ekimen honetan herriko lau klub nagusik hartu dabe parte orain arte: Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak. Gainera, Bermeoko Zesta Eskola be bere hizkuntza-proiektua diseinatzen dabil jada.
Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak azaldu dauenez, helburu argia dauka egitasmo honek: kirol-esparruan euskaraz aritzeko aukera gehiago eskaintzea gazteei. “Kirola ezin da albo batera utzi euskararen erabileran aurrera egin gura badugu”, azpimarratu dau.
Klub bakoitza bere bidetik, erronka zehatzakaz
Ekimenaren indargunea klub bakoitzaren egoerara egokitzeko gaitasuna da. Ebeteko Markel Barojak adierazi dauenez, neurri zehatzak hartuko dira alkarrekin:
-
Bermeo Futbol Taldea: Entrenatzaileek luzaketa eta beroketa ariketak euskaraz zuzenduko dabez, haurrek ahozko erabilera barneratu daitezen. Horrez gain, harmailetan euskara bultzatzeko, guraso eta zaleentzako euskarazko animo-zerrendak prestatuko dabez, eta WhatsApp taldeetan euskararen erabilera goxotasunez sustatuko da.
-
Urdaibai Eskubaloi Taldea: Beroketa-errutinak kirolariek eurek euskaraz egitea lortu gura dabe. Zaleentzako animo-zerrendak banatzeaz gain, herriko kirolari euskaldunen ereduak gerturatzeko bideo zein saioak antolatuko dabez.
-
Xixili Gimnastika Erritmikoa: Azken urteetako bideari jarraipena emango dautso: entrenamenduak euskaraz eskaini, txapelketetan euskarazko abestiak erabili eta Bermeoko txapelketan Euskaraz bizi gura dot mezuagaz mezu argia zabaldu.
-
Urdaibai Arraun Taldea: Haur eta gazteen zerbitzuen diagnostikoa egingo dau lehenik, etorkizuneko hizkuntza-ibilbidea egokiro diseinatzeko.
Kirola, bizipen positiboen iturri
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak udalaren babes osoa adierazi dautso egitasmoari. Alkatearen hitzetan, “kirola esparru ezin hobea da hizkuntza-politika herriko egunerokoagaz lotzeko. Gazteek ordu asko igarotzen dabez bertan, eta sortzen dabezan harremanek eragin handia daukie beren hizkuntza-ohituretan”.



