Inversus Gernikak ilusinoz ekingo dio denboraldi barriari, zalantzazko uda igaro eta gero

Ekoetxea Urdaibain egindako ekitaldian aurkeztu dau taldeak Proiektu Barria. Franki Garciak hartuko dau lehen entrenatzaile kargua, eta helburu nagusia jaitsiera postuetatik urrun mantentzea eta iaz baino gitxiago sufritzea izango da.

Egoera kritikoa gaindituta, bueltan da saskibaloia Gernika-Lumon. Uda honetan Lointek babesle nagusiak bizkarra emon ondoren Inversus babesle barriaren sarrerak bideragarritasun ekonomikoa ekarri dio berriro taldeari, nahiz eta aurten ezingo daben Europako lehiaketetan parte hartu eta aurrekontua gehiago egokitu behar izan daben.

Taldearen eraldaketa erabat sakona izan da kirol arloan be. Joan den denboralditik bost jokalarik bakarrik jarraitzen dabe, tartean Ane Olaeta kapitainak. Aulkian, Franki Garcia ibiliko da buru-belarri lehen entrenatzaile moduan, azken bi urteetan laguntzaile izandakoa.

Aurrederboraldi itxaropentsua eta joko azkarra

Denboraldiaurreko sentsazioak oso onak izaten ari dira: lau partidutik hiru irabazi dabez. Taldeak joko azkarra, jokalari polibalenteen moldakortasuna eta aldagelako kimika ona erakutsi dau azken asteetan.

Nahasmen guztien gainetik, Gerardo Candina presidenteak eta entrenatzaileak pentsamendu bera daukate: helburu zorrotzegirik gabe, “partiduz partidu” joatea da biderik egokiena.

Aurreko lehen azterketa ofiziala asteazken honetan bertan egingo dabe Euskal Kopan, Beasaingo Antzizar kiroldegian, Kutxabank Araskiren aurka. Igandean, berriz, IDK Euskotrenen aurkako partidugaz amaituko dabe txapelketa.