Duela astebete agurtu eben Xixili Bermeon, eta horregaz batera amaitu ziren aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Irailaren 7tik 16ra bitartean, herriko kale eta plazak jendez betetan ikusi dira, eta Bermeoko Udalak balorazio oso positiboa egin dau. Eguraldiak ekitaldi batzuk apurtxo bat baldintzatu badauz ere, aurreikusitako jarduera guzti-guztiak aurrera eroatea lortu da.
Kontzertuek eta musika eskaintzak erantzun bikaina izan dabe, baina antzerkiak, kalejirek zein ekitaldi tradizionalek ere babes handia jaso dabe. Udal arduradunen hitzetan, “gure jaiak parte-hartzaileak izan dira beti, eta aurten ere argi ikusi da. Egitarau zabal honi eusteko ezinbestekoa da herritarrak inplikatzea eta bakoitzak bere ekarpena egitea”.
Elkarregaz lanean eta herria zaintzen
Udalak bereziki azpimarratu gura izan dau herriko eragile zein taldeen inplikazioa. Tartean, Jai Batzordeak Almikako Jaitsieran egindako lana, Txosna Batzordearen elkarlanerako jarrera eta Eleizalde Ikastolak berreskuratutako Sukalki Eguna —80 kazola baino gehiagogaz— nabarmendu dabez. Gainera, ikastolak Tala garbi-garbi lagatzea eredugarritzat jo dau udalak, jaiak ospatzea eta ingurumena zaintzea bateragarriak direla erakutsiz.
Inklusibitatearen bidean, aurten lehenengoz irisgarritasun-plataforma bat jarri da Lamerako kontzertuetan gurpildun aulkian dagozen pertsonentzat. Datorren urtera begira esperientzia hau aztertu eta hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dau erakundeak. Amaitzeko, jaietan garbiketa eta antolakuntza lanetan egon diren udal-langileen ahalegina eskertu dabe, eta jaietan izandako eraso zein pintada guztiak tinko baztertu dabez, errespetuzko jai eredu baten alde eginez.



