Gure ingurumenaren osasunak eta naturak babes osoa behar dabe. Horregatik, albiste garrantzitsua jakinarazi dau Bizkaiko Foru Aldundiak: guztira 5,14 milioi euroko inbertsioa bideratuko dau 2029ra arte Urdaibaiko Busturialdeko uretan, paduretan eta duna-sistemetan azken urteotan zabaldu diren landare inbaditzaileei aurre egiteko.
Jarduera integral eta estrategiko honek 430 hektarea inguru hartuko dauz, bereziki Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE). Gaur egun egindako lehen kartografiaren arabera, espezie exotiko inbaditzaileak dagoeneko 130 hektareatan zabalduta dagoz. Lan handiena sortzen dabenak Baccharis halimifolia (93 hektarea) eta Panpako luma-saltzailea edo Cortaderia selloana (19 hektarea) dira.
Lanak Busturialdean abian dira dagoeneko
Foru Aldundiak, Basalan elkartearen bitartez, lana plana martxan jarri dau eta lehen esku-hartzeak Busturiako San Kristobal zein Foruko sektoreetan egiten ari dira. Helburua ez da soilik landare inbaditzaileak moztea edo ateratzea; eremua ondoren berreskuratzea eta jarraipen estua egitea ere aurreikusten da, berriro ez zabaltzeko.
Espezie bakoitzaren egoeraren arabera egingo dira lanak: eskuz edo makinez moztuko dira landareak, bertoko ekosisteman ahalik eta kalterik gitxien egiteko. Horrez gain, dronak eta teknologia aurreratua erabiliko dabez landaretzaren garapena zerurandik aztertzeko eta kontrolatzeko.
Lantaldea lau pertsonagaz hasi da lanean, baina garairik indartsuenetan 20-25 langile izatera iritsiko da, maiatza eta iraila bitartean gehienbat.
Prebentzioa eta herritarren parte-hartzea
Espezie inbaditzaile hauek bertoko flora ordezkatu eta habitat naturala guztiz aldatzeko gaitasuna daukie. Horregatik, lanak egin ostean, landare autoktonoak berriz landatuko dira ingurunea leheneratzeko.
Horregaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiak sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko dau eskualdeko udalekin eta herritarrekin, denon artean espezie inbaditzaile hauek identifikatzen eta hedatzea ekiditen laguntzeko.



