Aurtengo udan Gernikak inoizko erregistro onenak lortu dauz turismoari jagokonez. Uztaila eta abuztua bitartean, 22.572 pertsona igaro dira Turismo Bulegotik informazio eske, iaz baino % 29,2 gehiago (2025ean 17.467 bisitari kudeatu ziran). Datu honek agerian uzten dau Gernika-Lumo erreferente bilakatu dela eskualdean eta Euskal Herri osoan.
Zifra ikusgarri honek, gainera, 2024ko (16.230 bisitari) zein aurreko urte guztietako muga guztiak gainditu dauz. Hazkundea uda osoan zehar nabari izan da: uztailean 8.333 pertsona hurbildu ziran bulegora (% 18ko igoera), eta abuztuan, barriz, 14.239 erabiltzaile bertaratu ziran (% 36 gehiago).
Datuen arabera, turismo profila aldatzen eta zabaltzen ari da erabat. Euskaditik 8.333 pertsona hurbildu ziran udan eta Estatu mailatik 10.563; hala ere, atzerriko turismoak emon dau jauzirik aipagarriena. Guztira, 10.005 atzerritar hurbildu dira Gernikako ondarea ezagutzera, iazko datua (5.916) ia bikoiztuz.
Gure mugaz kanpoko azoken artean, Frantzia da nagusi (3.743 bisitari), eta ondoren datoz Italia (2.016 bisitari), Alemania (660) zein Belgika (451). Nabarmentzekoa da, halaber, AEB eta Kanadatik etorritako bidaiarien hazkundea, 253tik 634ra igaro diralako azken urtean.
Euskadiko barne-turismoari jagokonez, Bizkaiko bizilagunak izan dira gehienak (1.029 pertsona), eta azpimarratzekoa da 571 gernikarrek ere erabili dabela bulegoa, gertuko informazio eta zerbitzuen balioa erakutsiz.
Ondare barria gozagai: Santa Maria eta Astra
Hazkunde honek badauka azalpen zuzena udalerriko kultur eskaintzan. Aurten lehen aldiz zabaldu dauz ateak barriro Santa Maria Elizak, eta harrera bikaina izan dau: uztaila eta abuztua bitartean 8.835 pertsona sartu dira arkitektura-altxor hau ezagutzera.
Beste alde batetik, Astrako Babesleku Antiaereoak lineako erreserba-sistema indartu dau bigarren denboraldian, eta denboraldia hasi zenetik 3.973 bisitari hartu dauz dagoeneko. Proiektu hauei esker, Gernika ez da igarobide huts bat, historia eta izaera bertatik bertara ezagutzeko geldiune garrantzitsua baizik.
Turismo Bulegoak lanean jarraituko dau helburu argi batagaz: hazkundea kalitatezkoa, irisgarria, jasangarria eta herriaren bizitzagaz bateragarria izatea.



