Bermeok Areneko kiroldegiko instalazioak barritu dauz

Areneko kiroldegiak ateak zabaldu dauz berriro irailaren 17an, urtero egin ohi diren mantentze eta hobekuntza lanak amaitu ostean. Irailaren 1etik 16ra bitartean instalazioak itxita egon badira ere, Bermeoko Udalak azpiegiturak barriztu eta zerbitzuak nabarmen hobetzeko erabili dau denbora hau. Kirol ikasturte berria urriaren 1ean jarriko da martxan eta izen-emateak zabalik dagoz dagoeneko.

Aurtengo esku-hartze garrantzitsuenetako bat gimnasio-eremua handitzea izan da. Goiko zein beheko gimnasioak kontuan hartuta, 1.000 metro koadrotik gorako azalera dauka orain kiroldegiak. Espazio zabal honi esker, uda sasoian ere eguerdi partean gimnasioa zabalik mantentzeko aukera eskainiko da. Makineria berria datorren urtean iritsiko bada ere, egungo tresneria berriro antolatu da espazio barrian.

Horrez gain, espazio eta zerbitzu barri ugari prestatu dabez:

  • Skate pista txikia: Biking gela lekualdatu denez, lehengo espazioan indoor pista hau egokitu da (alokairua 14 €/orduko osoa, edo 1 €/orduko erabilera partekatua).

  • Ikasgela berria: Bigarren solairuan 16 urtetik gorakoentzat egokitutako ikasgunea.

  • Batzar-gela eta bizikleten gunea: Bilera zein mantentze-lanetarako guneak.

  • Jasangarritasuna eta mantentzea: Argindar-sistema osoa berriztatu da, sarrera eta fatxada margotu dira, eta igerilekuko ura Bermeoko kaleak garbitzeko berrerabiltzeko sistema jarri da martxan.

2026-2027 Ikasturtea: Adin guztietarako jarduerak eskainiko dira (60+ ikastaroak, lurra eta uretako jarduerak, eta azaroaren 5ean hasiko den eskalada tailerra). Izen-emotea salmenta-makinetan, udal webgunean edo Bermeo Kirolak App bidez egin ahal da.