Landabaso industrialdeko enpresen elkartea berriro martxan jarri da Bermeon

Bermeoko Landabaso industrialdeko enpresek elkartea berriro aktibatzea erabaki dabe, euren ahotsa bateratzeko eta proiektu komunei elkarregaz heldu ahal izateko. Ekimena Bermeoko Behargintzak bultzatu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz.

Horrela, Bermeoko ekonomia eta enpresa-sarea indartzeko urrats garrantzitsua egin da gaur berriro. Landabaso industrialdeko enpresek elkartzea eta indarrak batzea erabaki dabe, Landabaso Industrialdeko Elkartea berriro martxan jarriz. Udaletxean egindako bileran, eragile desberdinak batu dira helburu argi bategaz: lankidetza sustatzea, interes komunak defendatzea eta etorkizuneko erronkei elkarregaz erantzutea.

Ekimena Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Behargintzaren arteko elkarlanaren barruan kokatzen da, bereziki Bizkaia Oreka Sakonduz programaren laguntzagaz.

Enpresen ahotsa bateratuz: 20 enpresa baino gehiago elkarlanean

Elkartea ez da hutsetik hasten, herriko sektore ekonomiko eta industrial ezberdinetako 24 enpresak baino gehiagok bat egin dabe ekimenagaz dagoeneko. Tartean dagoz, besteak beste, Salica, Zallo, Albacora, Wartsila Ibérica, Serrats, Arroyabe, DIA, Talleres Landabaso eta Mendipe Autoak moduko erreferenteak.

Elkarrekin gehiago, aukera gehiago, emaitza gehiago lelopean, elkarte berriro aktibatu honek honako ardatz nagusiak izango dauz:

  • Gune kofinantzatuak eta dirulaguntzak: Enpresentzako laguntza eta finantzaketa publikorako bideak erraztea eta proiektu bateratuak bultzatzea.

  • Azpiegitura eta zerbitzuak hobetzea: Industrialdearen beharrak (segurtasuna, jasangarritasuna, mantentze-lana) modu koordinatuan aztertzea eta irtenbideak bilatzea.

  • Esperientziak eta ezagutza partekatzea: Enpresa txiki zein handien arteko harremanak estutzea eta berrikuntzarako bideak zabaltzea.

Elkarteak gune zabal bat izan nahi dau, enpresen ahots bakarra eta sendoa izateko erakunde publikoen aurrean, Landabasok herriko ekonomian daukan garrantzia eta lehiakortasuna bermatuz.

Informazioa eta harremanak

Industrialdean kokatutako enpresek edo elkartearen inguruan informazio gehiago nahi dabenek Bermeoko Behargintzarekin jarri daitezke harremanetan: