Hegaluzetik marmitakora: familia osoarentzako plan gastronomiko bikaina BBK Klima Abenturan urriaren 4an

Busturiak asteburu gastronomiko eta berezia biziko dau datorren igandean, urriaren 4an. BBK Klima Abenturak “Planazo en familia” zikloaren amaiera borobila antolatu dau, tokiko produktua, sukaldeko sekretuak eta ume zein nagusientzako jarduerak uztartuz. Egitarauak hegaluze kontserba tailerrak, sushi ikastaroak, txakolin dastaketak eta marmitako herrikoia bilduko dauz.

Parkerako sarrera doakoa izango da, baina jardueretan parte hartzeko lekuak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserba egin behar da.

Sukaldaritza, historia eta tradizioa eskualdeko familientzat

Egunari hasiera emoteko, 11:30ean Hegaluzearen kontserbak egiteko tailer praktikoa egingo da bikoteka (10 euro bikoteko), parte-hartzaile bakoitzak bere bi poto etxera eroan ahal izateko.

Ondoren, sushiaren txanda izango da Cristina Sombray sukaldari bilbotarraren eskutik: 12:30ean haurrentzako sushi tailerra egingo da eta 13:15ean helduentzako ikastaroa, beti ere bertako arraina erabiliz.

Garaikidetasunagaz batera, Bermeo Tunak TUNI pertsonaiaren unibertsoa aurkeztuko dau 13:00etan, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat bideratutako antzerki, ipuin eta jolasen bidez, arrantza jasangarria modu dibertigarrian hurbiltzeko.

Ordu berean, “Bizkaiko Altxorrak” dastaketa abiatuko da Zigor Iturrieta eta Ekaitz Apraiz sukaldariek gidatuta: 3 pintxo eta 3 txakolin uztartuko dituzte (15 euro). Egunari amaiera emoteko, Enkarterriko trenbide-eltze tradizionaletan (putxeran) prestatutako marmitako herrikoia gozatzeko aukera egongo da.

Eskaini nahi diran lekuak ez agortzeko, erreserbak lehenbailehen egitea gomendatzen da webgune ofizialean: www.bbklima.eus.