Urriaren 3an Euskal Jaiak ospatuko dira Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko kaleak kolorez, dantzaz eta tradizinoz beteko dira datorren zapatuan, urriaren 3an, Euskal Jaien edizino barri bategaz. Jai batzordeak eta herriko taldeek egitarau zabala prestatu dabe goizeko lehen ordutik hasi eta gaueko azken orduetara arte, herritar zein bisitari guztiek euskal kulturaz betean gozatzeko aukerea eukitzeko

Eguna goiztiar hasiko da, 09:00etan, Azoka Plazan egingo dan azoka bereziagaz. Bertan tokiko produktuak eta artisautza lanak ikusteko eta erosteko aukerea egongo da. Eguerdian, 12:00etan, jaien une garrantzitsuenetako bat helduko da: pregoia, agurra eta txupinazoa. Hortik aurrera, jaia herriko bazter guztietara zabalduko da musika zein dantza emanaldiagaz.

Kalejirak, dantzak eta giro paregabea eguerdian

Eguerdiko orduetan, herriko kaleak bizirik egongo dira hainbat taldeteri esker. Urdaibai Kantaguneak eskualdeko herri ezberdinetako abeslariak batuko dauz kantu zahar zein barriak zabaltzeko; Elai Alai dantza taldeak ere kalejirak egingo dauz eta Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitilari zein txistulariak ere giroa alaitzen ibiliko dira. Gazteek berebiziko protagonismoa eukiko dabe, txistulari, dulzainero, gaitero eta trikitilariez osatutako kalejira propioagaz. Gainera, indarrak berritzeko, Merkurio eta Picasso kaleetan talo txosnak egongo dira erabilgarri.

Planak ez dira hor amaitzen: 12:30ean Gargantuara hurbildu ahal izango dira etxeko txikienak, eta 13:30ean Elai Alai Dantza Taldeak erregelak ikuskizun paregabea eskainiko dau Merkurio iturriaren inguruan.

Herri bazkaria eta arratsaldeko jarduerak

Herriko giroa sendotzeko, 15:00etan herri bazkaria egingo da Azoka Plazan. Menuak 23 euroko prezioa dauka eta barruan sartzen dira errioxar erako patatak, bakailao takoak piperradagaz, postrea, ardoa, sagardoa eta kafea. Txartelak irailaren 30era arte egongo dira salgai Turismo Bulegoan, Auzokoa tabernan eta Etxarte kafetegian.

Bazkalostean, kantu eta dantza saio irekia egongo da bertaratutako guztiekin. 16:00etan, berriz, umeentzako jolasak eta herri kirol saioak antolatuko dira Azoka Plazan bertan.

Arratsaldeak eta gauak ere eukiko dabe zer gozatua: 19:30ean Kalapitaka taldearen trikitilari kalejira aterako da Azoka Plazatik, eta 20:30ean Erromeria Iraultza taldeak Pasealekua dantzaz beteko dau gaua berotzeko. Egun osoan zehar, gainera, argazkilaritza zaleek II. Photoka Gernika Argazki Rallyan parte hartu ahal izango dabe.

Aipatzekoa da herri bazkarirako txartelez gain, Turismo Bulegoan zapi ofizialak ere salgai daudela, 6 euroko prezioan.