Arrazoia emon deutsie LABi, baina Gernika-Lumoko Udalak ez dau oraindino informaziorik emon

Gernika-Lumoko Udalaren eta udaletxean ordezkaritza handiena daukan LAB sindikatuaren arteko tirabirak beste kapitulu bat idatzi dau. Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak arrazoia emon deutso sindikatuari, udalari 10 eguneko epea emonez eskatutako informazio guzti-guztia LABen esku jartzeko. Ebazpena irailaren 10ekoa da, baina gaur gaurkoz, udalagandik ez dabe inolako erantzunik jaso.

Egoera honen aurrean, LABeko ordezkariek agerraldia egin dabe, gertatutakoa salatzeko. Azaldu dabenez, gardentasuna oinarrizko printzipioa da edozein herritarrentzat, baina gehiago langileen ordezkarien kasuan: “Gure lana egiteko informazioa behar dogu eta ezinezkoa da gure lana ondo burutzea kontratazioei, lan-poltsei edo langileei eragiten dautseb espedienteei buruzko informazioa ukatzen bajaku”.

2024tik datorren harremanen hoztua

Orain arte, ordezkaritza lana egiteko beharrezko informazioa udaleko teknikarien bidez jasotzen eben zuzenean. Baina 2024an udalak bidea aldatu eban: eskaera guztiak idatziz egiteko eskatu eutsien. Hasieran erantzun batzuk jasotzen baebezann be, 2025eko uztailetik aurrera ateak guztiz itxi zirela salatu dabe.

Uztailetik urtarrilera bitartean sei idatzi aurkeztu ebezan kontratazioei, lan-poltsen kudeaketari eta hainbat langile-espedienteri buruz galdetuz, erantzunik jaso gabe. Horren aurrean jo eben Eusko Jaurlaritzaren gardentasun organora. Udalak orduan erantzun batzuk emon baebezan be, informazio asko ukatu eutsien berriro, eta LABek bigarrenez jo eban batzordera. Orain heldu den ebazpena, beraz, guztiz argia da: sindikatuak eskatutako informazio guztia jasotzeko eskubide osoa dauka.

Jarrera aldaketa eta negoziazio-mahaia

LABek ez dau “espekulaziorik egin nahi” udalak zergatik ukatu deutsan informazioa, baina jarrera aldaketa sakona eskatu deutsie udal gobernuari, eta bereziki Nerea Revuelta langileria arloko arduradunari.

Sindikatuak bi eskaera nagusi jarri dauz mahai gainean:

  • Eskatutako informazioa garaiz eta behar bezala emotea.

  • Azken urteotan “desagertu” den negoziazio-mahaia berriro aktibatzea.

Ebazpen hau “inflexio-puntu” moduan hartzea nahi dau LABek, udalean dagoen giroa gaiztotzeari itzi eta langileen arazoei benetako irtenbideak bilatzeko bidea zabaltzeko.