Urdaibai Bird Centerrek ateak zabalduko dautsoz Txorien Munduko Egunari doako sarrerarekin

Udako hilabete emankorrak atzean lagata, Urdaibai Bird Center prest dago barriro be natura eta ingurumen-zientzia herritarrei zein ingurukoei hurbiltzeko. Gautegiz Arteagako zentroak udako garai arrakastatsua amaitu dau, munduko txoko askotatik etorritako bisitariak hartuz eta gure Biosferaren Erreserbako natura-altxorrak erakutsiz.

Teleskopioen bidez, bertaratutakoak kurlinta txikien bizitasunagaz, txterna moko-gorri dotoreagaz edota murgilari eta spatulen bando ikusgarriekaz gozatzeko aukera euki dabe udan zehar. Orain, jarraipen eta hezkuntza aldi intentsu horren ostean, urteko garairik zirraragarrienetako batean murgiltzen ari da zentroa: udazkeneko migrazioan.

Fenomeno natural harrigarri hau bere momenturik sendoenean sartzen den bitartean, zentroak dei egin deuskue herritar guztioi datorren urriaren 4an Txorien Munduko Eguna elkarregaz ospatzeko.

Doako ate irekiak eta anillamendu zientifikoa zuzenean

Ospakizun horren harira, Urdaibai Bird Centerrek doako ate irekien jardunaldia eskainiko dau egun osoan zehar, 10:00etatik 18:00etara bitartean.

Horrez gain, goizeko lehen orduetan (10:00etatik 12:00etara), anillamendu zientifikoko erakustaldi zuzena egingo da. Aukera paregabea izango da hegaztiak gertu-gertutik behatzeko, teknika hau bertatik bertara ezagutzeko eta hegaztien kontserbaziorako daukan garrantzia ulertzeko.

Egimen honen helburu nagusia hegaztien mundu zoragarria gizarte osoari hurbiltzea da, ingurumena gehiago errespetatzea sustatuz eta bioaniztasunaren zein hegaztiek behar dituzten habitat berezien babesa zein garrantzitsua den azpimarratuz.