Gernika-Lumok azokaz eta giro onaz beteta hasiko dau urria, gure lehen sektoreari zein tokiko produktuei dedikatutako jardunaldi berezi batagaz. Datorren urriaren 3an, zapatua, herriak Sukalki Eguna ospatuko dau goizeko 9:00etatik 14:30era bitartean.
Jaia Gernikako azoka berezien egutegiaren barruan sartzen da eta giro zoragarria jarriko dau herrian, Urriko Lehen Astelehen ospetsuaren atarian. Azokak baserritarrak, artisauak eta Euskal Herriko ile zein kanpoko ekoizleak batuko dauz, erakusketa, salmenta eta dastatze eremu zabal bat eskainiz.
Baserritik plazara: janaria eta artisautza
Azokaren ardatz nagusia sukalkia izango bada be, plazaratuko den eskaintza askoz zabalagoa izango da. Bisitariek kalitatezko elikagaiak eta eskuz egindako piezak erosteko aukera eukiko dabe: sukalkia, ardoa, gazta, ogia eta euskal pastela, meharrekoak, patea, txakolina, olioa eta gildak, besteak beste.
Gainera, azokan parte hartuko daben ekoizleak gure inguruko udalerrietatik etorriko dira nagusiki: Gernika-Lumo, Muxika, Kortezubi, Arratzu, Ajangiz, Arteaga, Berriatua, Mallabia, Lezama edo Fruiz. Era berean, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Kantabriako postuak be egongo dira.
Artisautzari jagokonez, eskaintza askotarikoa izango da. Postuetan zura eta taila, ehungintza, ume eta gazteentzako arropak, bisuteria, loreak, brodatuak, larrua, jaleria, kandelak eta beste hainbat objektu ikusi eta erosi ahal izango dira.



