Torrealday aholkularitzak eta Gernika KESB saskibaloi klubak alkarregaz jarraituko dabe bidea. Gernika-Lumoko emakumeen saskibaloi taldeak Liga Femenina Endesa mailan —estatu mailako gorengo mailan— lehiatuko dau 2026-2027 denboraldian, eta Torrealday bertoko babesle nagusien artean egongo da berriro ere.
Babes honen bidez, aholkularitzak Busturialdeagaz eta bertoko gizarte-sareagaz daukan lotura sendoa berretsi gura izan dau. Enpresako arduradunen hitzetan, bertoko kirolari laguntzea ez da keinu isolatu bat: “Guretzat, herriko kirola babestea gure inguruari zerbait bueltatzea da; egunero gugan konfiantza ipintzen daben enpresa, autonomo eta familiei esker jasotzen dugun horren zati bat bueltatzea, hain zuzen ere”.
Kirol klubek nortasuna, harrotasuna eta aukerak sortzen dabez gazteenen artean. Horregaitik, Torrealdayk eskualdean erro sakonak daukiezan egitasmoen aldeko apustu garbia egiten dau, Gernika KESB zein Gernika Rugby Taldea (zeinen babesle ofiziala ere baden) bezalako proiektuak sustatuz.
Emakumeen kirola eta berdintasuna ardatz
Emakumeen kirolak jauzi handia egin dau azken urteotan, baina hazten jarraitzeko babes egonkorra behar-beharrezkoa dau. Ikusgarritasuna, baliabideak eta inguruaren babesa dira kirolariek beren potentzial osoa garatu ahal izateko gakoak.
Emakumeen saskibaloi klub bat babestea praktikan berdintasunaren alde egitea dela azpimarratu dabe enpresatik: “Diskurtsoetatik haratago, ekintzak behar dira. Gaur harrobian hasten diren neskatoek etxean bertan erreferenteak eukitzea eta goiko mailara heltzeko egiazko bidea izatea nahi dogu”.
Amaitzeko, Torrealdayko lan-talde osoak zorterik onena opa gura dautso Gernika KESBko lan-talde eta jokalari guztiei prestatzen ari diren denboraldi barri honetan.



