“Gernika beti izan dot gogoan, nire etxea balitz lez”

Ruper Ordorika Gernikako Lizeo Antzokian izango da barriro urriaren 17an, Mugalariak taldeagaz eta Lurra ikutu barik azken diskoa ardatz hartuta. Gernikak lotura berezia dauka bere ibilbideagaz eta oroimenagaz, eta oraingo kontzertuaren atxakian kantuaren, literaturaren eta musikearen inguruan egin dogu berba.

Gernikak leku berezia dauka Ruper Ordorikaren mapan. Ez bakarrik kontzertuetarako agertoki ezaguna dalako, edo Lizeo Antzokian jotzea beti plazer dalako. Oroimenari lotutako lekua be bada. Ama gernikarra eban, San Juan kalean jaioa eta Nabarnizen bataiatua. Aitite-Amumak, barriz, bederatzi seme-alabakaz batera, Gernikan bizi ziran 1937ko bonbardaketak gertatu ziranean. Han galdu eben dana. Ordorikak dinoenez, geroztik ez dau bertan familiarik izan, baina herria beti izan dau gogoan nire etxea balitz lez.

Gernikako Lizeo Antzokira itzuliko da oraingoan be, Mugalariak taldeagaz, 2025ean kaleratutako Lurra ikutu barik diskoa besapean. Azken lanean, gainera, ezohiko sensazinoagaz gelditu zan: oso lasai gelditu nintzan disko horregaz. Eta aitortzen dau oso harro eta pozik dagoala emoitzagaz. Diskoa amaituta, taldea berrantolatu eta kantuak zuzenekoetara eroateko bideari ekin deutso.

Hor hasten da, Ordorikaren ustez, kantuaren beste bizitza bat. Mugalariaekaz oholtzara igotzean, estudioan jorratutako abestiek forma barria hartzen dabe, eta jendearen aurrean bizitza hartzen hasten dira. Urte asko daroate batera, baina taldeak ez dau forma itxirik: niretzat Mugalariak beti aldakorrak dira, beti aldatzen dabilen taldea. Bakarka ibiltzeak beste intimidade batera eroaten dau; taldeak, barriz, esparrua eta sonoridadea zabaltzen ditu.

Gernikan, Ruper Ordorikak bere betiko taldearen babesa izango dau oholtzan: Arkaitz Miner dabil gitarran, biolinean eta mandolinan; Lutxo Neira baxu-jotzaile lanetan; Felix Buff bateriaren atzean; eta Nando de la Casa, barriz, perkusinoaz eta teklatuez arduratzen da.

Kantuaren eta zuzenekoaren arteko hartu-emona da, hain zuzen, Ordorikaren jardunaren erdiguneetako bat. Musikea entzulea dagoanean pasetan da, dino. Orduan osotzen da zirkulua, eta kantuak beste oihartzun bat hartzen dau. Hamarkadak agertokietan emon arren, musikarekiko grina ez jako agortu. Beretzat, musika egitea behar baten modukoa da, baina baita ikasbidea be.

Literatureak be leku nabarmena dauka bide horretan. Kantua genero bat dala dino, baina danetik elikatzen dana: poesia idatzitik, tabernan entzundako alkarrizketatik edo telebistan gertatutako zerbaitetik: dan danak elikatzen dau kantua. Eta musikearen mundua erabat aldatzen dabilen arren, teknologiaren abiadurak eta konsumitzeko modu barriek bultzauta, oinarrian zerbaitek bere horretan jarraitzen dauela uste dau: gizakiak kantua eta musika behar dituala.

Gernikako kontzertuaren atxakian, horreei guztiei buruz ibili gara Ruper Ordorikagaz: Lurra ikutu barik diskoaz, Mugalariak taldeaz, kantuaren bizitzeaz, literatureaz eta musikearen etorkizunaz. Baita denporaren joanean agertokiak oraindik zergatik dauen indar berezi horretaz be.

Gernikako Lizeo Antzokian jotzera zatoz barriro. Zer sensazino edo berezitasun izaten dau Busturialdeko publikoaren aurrean abesteak?

Gernika beti izan da leku eta izen berezia niretzat. Gainera, ama gernikarra neban, San Juan kalean jaiotakoa eta Nabarnitzen bataiatua, Maria Leginetxeren besoetan.

Bestalde, aitxitxa eta amama, bederatzi seme-alabekaz, Gernikan bizi ziran bonbardaketak gertau ziranean. Bertan dana galdu eben. Geroztik ez dot bertan familiarik izan, baina beti izan dot gogoan nere etxea balitz lez. Ez da ia ezer be gelditu gure familiatik.

Gainera, Lizeoa toki oso egokia da kontzertuak egiteko, eta bertan jotzea beti da plazer bat. Bertako langileak beti izaten dira oso profesionalak, eta, beraz, gustora ibiltzen gara.

2025ean disko barria kaleratu zenduan. Zer bide eta kolore ekarri jako lan horrek zure azken aldiko ibilbideari?

Bai, Lurra ikutu barik izan da gure azken diskoa. Geroztik, taldea berrantolatu dot eta makinatxu bat kontzertu emon doguz. Bukatu genduanean, oso lasai gelditu nintzan disko horregaz. Eta hori ez da normala izaten. Beraz, oso harro eta pozik nago.

Mugalariak taldeagaz urteak daroazu lanean eskutik helduta. Zein da taldekideen arteko konplizidade horrek diskoko abestiak zuzenera eroatekoan ekartzen dauen balio erantsia?

Dakizun moduan, askotan, estudioan beste musikariekaz ibiltzen naz lanean. Gero, Mugalakariekaz kantu horreek zuzenetara eroatea oso ibilbide polita izaten da. Niretzako musikariekaz jotzea gauza handia da zera hortan, oso ondo pasetan dot. Bide horretan, jente aurrean jo ezkero, abestiak bizitza hartzen hasten dira. Urte asko daroagu, baina neretzat Mugalariak beti aldakorrak dira, beti aldatzen dabilen taldea.

Hamarkadak daroazu agertokietan eta beti eutsi dozu musikea egiteko modu zintzo eta konprometidua. Zelan lortzen da urteen joanean sormen-pulsu horri eustea?

Niretzako behar baten modukoa da musikean ibiltzea. Betidanik izan dot nahi, grin eta gurari hori. Ikasbide luzea be bada, aldiro gauzak hobeto guran edo norberak barruan entzuten ditunak atara guratan. Nik uste dot gero jenteakaz bat eginez gero edo zelanbait, beharrezkoa dan entzulea euki ezkero, dana borobiltzen dala.

Baina nik gogoan daukadanez, beti izan dot zaletasun hori musikarako eta kanturako, baita literaturarako be… danok bezala, geure sokatik tiraka, ezta? [Barreak].

 

 

 

Bakarkako formatuak zein taldekoak buztartu dituzu azken urteetan. Formatuek berak zer aldatzen dabe kantu baten muinean eta zure interpretazinoan?

Bai, Lizeoan bakarka ibili naz pare bat aldiz, baita taldeagaz be. Txanpon bereko aldeak dira: etxean bakarka ibiltzen naz, eta uste dot, batzuetan, kantuan barrura sartzen zarela, txokoan sartzen zara. Taldeagaz, barriz, esparrua zabaldu egiten da. Beste sonoritate bat da, beste giro bat.

Azkenean, esan bezela, nire kasuan behintzat, txapon bereko alde biak dira. Halanda be, bakarka ibiltzea asko gustetan jat, eta uste dot hurrengo urtean holan izango dala; izan be, aurton, azken diskoaren aukrezpenak taldeagaz egiten ditugu gehinbat.

Zure letretan askotan agertzen dira erreferentzia poetikoak eta literarioak. Zein iturri edo irakurketa dabiz elikatzen gaur egun zure mundu sortzailea?

Beti izan dot zaletazun hori. Hau da, uste dot kantu bat genero bat dala bere horretan. Literaturatik edaten dau batzuetan, baita doinutik be. Beraz, buztarketa hori antxinako kontua da.

Beti esaten dodan bezela, kultura, gizarte eta tribu guztiak egin dabe kantuan historian zehar, bakotxa bere modura. Guk horri eusten deutsagu, gauza primitiboa da. Uste dot kantuari danetarik erabiltzea gustetan jakola; poesia idatzia, tabernan entzundako alkarrizketa bat edo telebistan gertatutako beste zerbait. Dan-danak elikatzen dau kantua, beraz, danak balio dau kanturako eta musikarako.

Gaur egungo musika konsumitzeko abiadurea eta eredu digitalak oso bestelakoak dira. Zelan bizi dozu gaur egungo eszenea?

Bizitzako albo askotan bezela, aldaketa handiko sasoian bizi gara. Historian zehar holan izan da, baina orain, gero eta azkarrago pasetan da. Musikea grabetan danetik, teknologiarekin oso lotua dago. Eta hori, ziztu bizian dijoa; eta, musikea, berarekin.

Gauza da, gustu batzuk be sortzen dituala. Lehen baztertzen ziran gauzak, orain gustukoak dira. Bihar, alderantziz gertatuko da. Beti izan da mobimendu hori. Orain, iruditzen jat dana azkarrago dijoala, eta testuinguru horretan bai, aldaketa handi baten erdian gagoz.

Momentu honetan ikusten dogu jentea zelan hurreratzen dan, gero eta gehiago, jaialdietara eta antzeko ekitaldietara. Baina, funtsean, gizakiak beti behar izan dau kantua eta musikea, eta hori, modu batera edo bestera, aurrera egiten joango da. Egia da guk ezagutu dogun disko eta biniloen mundua goitik behera aldatu dala, baina musikarekiko eta musikaz gozatzeko behar hori ez da desagertuko.

Zure ibilbideko abesti klasikoak eta barriak buztartzen dituzu oholtzan. Zelan begiratzen deutsezu denporaren joanarekin kantu zaharrei? Aldatu al dira horreekiko dituzun hartu-emonak?

Sasoi honetan azken diskoa hartzen dogu ardatz. Jakina, klasikoak be sartzen ditugu errepertorian, betiko lez. Kantu batzuk hor bazterrean gelditzen dira denporatxo baten, eta gero berpizten dira. Niretzako gauza gatxenetakoa izaten da errepertorioa osotzea, kantuak banan-banan aukeratzea. Batzuetan kantu batek agintzen dau, eta beste batzuetan giroak.

Sekulakoa da ikustea kantuek zelan bizi diran denporan zehar. Beti be, nirengan esan gura dot; ez dakit entzulearengan zelan izango dan. Nik uste dot norberak barruan daukan gogoari jarraitu behar jakola, baita musikan be. Horri eusten deutsat nik.

 Hamarkada luzeetako bidearen ostean, zer eskaintzen deutso oraindik Ruper Ordorikari gauero zuzen bateko hasierako akordeak jotzearen magiak?

Aspaldiko eztabaida da kantu bat existiduten dan inork entzuten ez badau, ezta? Nik uste dot ezetz. Musikea entzulea dagoanean pasetan da. Hor osotzen da zirkulua.

Jentearen aurrean urteten dozunean, niretzako horrek dana batzen dau; hau da, kantuaren esanahia borobildu egiten dau, beste oihartzun bat hartuz. Horrekin ibiltzen gara gu. Sensazino moduko bat da, kantuan hasi orduko pixkat harago goazela.

Kontuak kontu, kontzertua urriaren 17an izango da, arratsaldeko 19:00retan, Lizeo Antzokian. Sarrerak salgai dagoz Lizeo Antzokiko webgunean, 13 euroren truke (bazkideentzat 10 euro).