Urdaibaik 50.000 bisitari baino gehiago jaso dauz uda honetan, turismo eredu jasangarriaren aldeko apustua berretsiz

Urremendi Landa Garapen Elkarteak balorazio oso positiboa egin dau uztailean eta abuztuan Urdaibai Biosfera Erreserban izandako turismo-jarduerari buruz. Guztira, Gernikako, Bermeoko eta Mundakako turismo-bulegoetatik zein Gaztelugatxeko informazio-gunetik 50.661 bisitari igaro dira, 2025eko epe berean baino %9,9 gehiago.

Gernikako turismo-bulegoa izan da arreta gehien emon dauena (22.572 pertsona), ondoren Gaztelugatxeko gunea (15.490), Bermeo (10.601) eta Mundaka (2.018). Horrez gain, turismo-kudeatzaile digitalek 2.192 kontsulta erregistratu dabez, iaz baino %46,3 gehiago, tresna teknologikoen sendotzea erakutsiz.

Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentearen esanetan, “gure helburua ez da mugarik gabe haztea, lurraldea ezagutu eta errespetatuko dauan turismoa erakartzea baino”. Datuen arabera, Madril eta Kataluniako bisitariek pisu handia izaten jarraitzen dabe, eta nazioarte mailan Frantzia, Italia, Alemania, Erresuma Batua zein AEBetako bisitariak nabarmendu dira. Eskualdeak kudeaketa adimendunaren (DTI) eta Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren bitartez eredu orekatua eraikitzen jarraitzen dau, urte osoko kalitatezko eskaintza sustatuz.