Udazkenean ahalduntzea eta daborduko abian dagoen eraldaketa feministari heltzeko aukera paregabea eukiko dabe Bermeoko emakumeek. Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko egitarau zabala aurkeztu dau, urritik abendura bitartean autonomia, osasuna, kontsumo-ohiturak zein literatura ardatz izanda.
Egitarauaren barruan, data garrantzitsu bat markatu dabe egutegian: urriaren 17an, 10:30ean, Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo da udal azokan. Bertan, Bermeoko herritarrek aukera euki dabe etorkizuneko gunearen izaerari, erabilerei zein lehentasunei buruzko ekarpenak egiteko eta proiektuaren bide-orria adosten hasteko.
Ikastaroak eta tailer praktikoak
-
Biziraupenerako Brikolajea II: Daborduko martxan dago eta azaroaren 17ra bitartean egingo da. Tresna elektrikoak erabiltzen zein etxeko ohiko konponketak egiten ikasteko aukera eskaintzen dau.
-
Ehungintza eta kontsumo-ohiturak: Arropa berrerabiltzeko zein eraldatzeko teknikak irakatsiko dira. Tailer honek hausnarketarako tartea ere zabalduko dau arropa merkearen atzean dagoenaz galdetzeko. Azaroaren 12an, 19an eta 26an izango da (18:00etatik 20:00etara) Gizarte eta Kultura Etxean.
-
Menopausia eta perimenopausia (Elikaduraren bidez ongizatea zaintzen): Abenduaren 10ean eta 17an egingo da. Aldaketak eta elikadura-zalantzak argitzeaz gain, elkarrekin errezetak prestatuko dabez.
Irakurle Txoko Feminista
Nagore Fernandez Zabalak gidatuta, hilean behin literatura eta generoa gizartean daukan eragina aztertzeko elkartuko dira:
-
Urriaren 28an: Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori.
-
Azaroaren 25ean: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik.
-
Abenduaren 16an: Samara Velteren Eta Karmele?.
Horrez gain, Berdintasun Saila Bermeoko zaintza-diagnostikoa, I. Zaintza Plana, zein Puntu Seguruen Sarea zabaltzen ari da, azaroan taberna eta saltokien mapa barria aurkezteko asmoz.



