Bermeoko Udalak euskararen erabilera bizitzako arlo guztietan sustatzeko konpromiso sendoagaz jarraitzen dau. Horregatik, euskara ikasten dagozen herritarrentzat eta gidabaimena euskaraz prestatzen eta azterketa euskaraz egiten dabienentzat dirulaguntza barriak jarri dauz martxan. Azaroaren 2a da eskaerak aurkezteko azken eguna, eta izen-emotea Berhaz bulegoan bertan zein modu telematikoan egin ahal da.
Deialdi honegaz, Udalak oztopoak kendu nahi dauz euskara ikasteko bidean, matrikularen kostua eragozpen bat izan ez izateko. Horrela, Bermeon erroldatuta dagozenentzat eta 2025-2026 ikasturtean zein udan homologatutako euskaltegi edo barnetegietan aritutakootzat bideratuta dagoz laguntzak, betiere gitxienez %80ko asistentzia izanda. Ikasle bakoitzak gehienez 300 euro jaso ahal izango dauz ikastaro bakoitzeko, eta gehienez 500 euro ikastaro bat baino gehiago egin badau. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzen dabezenei matrikularen %70 arte estaliko jake, langabezian dagozenei %60 arte, eta gainontzeko ikasleei %50era arte. Gainera, laguntza honek HABEren dirulaguntzakaz bateragarria izaten jarraitzen dau.
Beste alde batetik, gidabaimen teorikoa euskaraz ateratzen dabezan gazte zein helduek ere 150 euroko laguntza eskuratzeko aukera izango dabe. Bermeoko autoeskoletan material guztia eta informatika programak euskaraz prestatuta dagoz. Baldintza bakarrak Bermeon erroldatuta egotea, prestakuntza zein B mailako azterketa teorikoa euskaraz gaindituta izatea eta Udalagaz zorrik ez eukitzea dira.
Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri ahal da Euskara Sailagaz (94 617 91 22 / euskera@bermeo.eus).



