Bermeoko Udalak herriko Urrezko Domina emon deutso Bitor Uriarte Anasagastiren familiari, udaletxeko osoko bilkura aretoan egindako ekitaldi hunkigarri batean. Bermeoko historia, ondarea eta memoria ikertzen eta zabaltzen egindako lan bikainari errekonozimendua egin gura izan deutso horrela herriak.
Bitor Uriarte 1957an jaio zen Talakoetxea kalean, eta gazte-gaztetatik erakutsi eban Bermeogaz zeukan konpromiso sendoa. 17 edo 18 urte eukazela, udalerriko baserri guztiak argazkitan jaso ebazan; gaur egun Udal Artxiboan dagoz irudiok, herriaren iraganaren lekuko baliotsu modura. Deustuko Unibertsitatean Historia eta Geografia ikasi ostean, irakasle eta zuzendari lanak egin ebezan Bermeoko institutuan, jubilatu zen arte. Lanbideaz harago, Busturialdeko Hitza egunkariaren sorreran ere parte hartu eban eta lehenengo zuzendaria izan zen.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azpimarratu dau Uriarteren izaera eta ekarpena: “Bitorrek Bermeo ezagutu eban, baina batez ere ulertu eta besteoi ere ezagutarazi nahi izan zigun”. Azken urteetan udaleko zinegotzi kargua ere bete eban, bere jakinduria herriaren zerbitzura jarriz. Haren lan, argazki eta ikerketek Bermeoren historian bizirik jarraituko dabe betiko.



