“Plastikoa, zientzia edo teknologia izan, niretzat mobimendua barruagaz konektetako bidea da”

Busturialdeak eta Euskal Herriko dantza garaikideak izen propio sendo bat daukie: Ziomara Hormaetxe. Momentu honetan Biarritzen bizi dan sortzaile eta dantzari gernikar honek urteak daroaz gorputza, zientzia, arte plastikoak eta azken teknologiak oholtzan uztartzen. LATTICE bere azken ikuskizun potoloaren inguruan, fisika kuantikoaz, sorkuntza prozesuen iraupenaz eta dantzari zein koreografoen eguneroko gogorrari buruz berba egin dogu beragaz. Baina, horren guztiaren azpitik, mezu garbia itxi dau: “Konektauta egoteko eta geure burua ez galtzeko, alkar puztu eta presentzialki alkarbanatu behar dogu”.

Nondik dator Ziomara Hormaetxe? Zelan pasau zinen dantzari izatetik dantzaren eta mobimenduaren ikertzaile izatera?

Oso txikitan hasi nintzen dantza klasikoa egiten. Baina, aldi berean, artearen historiarekiko interes sakona euki neban. Unibersidadean artearen historia ikasten hasi nintzen, eta gero, Paris inguruan (Nizan hain zuzen) ikasten nengoela, nire bizitzak norabide barria hartu eban. Han Arte Historia amaitzen ibili nintzen, baina azkenean dantzako eta antzerkiko ikasketak egiteko unibertsitatean bertan sartu nintzen! Egunero-egunero dantzako klase gehiago hartzen amaitu neban. Niretzat urte hareek upealako bultzada eta estimulua izan ziren. Klasikoagaz jarraitzeaz gain, dantza garaikiderako gogoa eta ikerketa korporal nahiz koreografikorako ate handi bat zabaldu jatan bertan.

Eta sorkuntza propiorako bidea noz zabaldu zan?

Geroago, 2014-2015 bueltan, neure konpainia propioa sortzea erabaki neban: Ziomara Hormaetxe Konpainia. Orduan hasi nintzen neure piezak sortzen eta taularatzen. Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza bati esker ataratako lehenengo sorkuntza hartatik (Bi-kaotika in progress) urtero-urtero ( gitxi gora-behera) pieza barri bat oholtzaratu izan dot. Eta hori gitxi balitz, mugaz gaindiko apostu bat egin neban kasik orain dala bost urte: Biarritz inguruan bizi naz orain, eta mugaz gaindiko konpainia moduan lan egiten dogu, Biarritzeko Malandain Balletagaz eta lekuko antzokiakaz harreman estuan. Hori niretzat erabaki garrantzitsu bat izan da, iparraldearen eta hegoaldearen arteko zubia sendotzeko.

Eskolarako eta beste konpainientzat be koreografiak egiten dozuz, ezta?

Bai, dantzari eta koreografo izateaz gain, irakaskuntzan eta transmisinoan asko ibilten naz. Biarritzeko Ballet Eskolarako hiru sorkuntza egin dodaz daborduko, eta Málagako Institutuko dantzako ikasleentzat zein Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola goi mailako eskolako ikasleentzat be lan egin dot. Horrezaz gan, workshop eta entrenamendu puntualak emoten dodaz han eta hemen. Niretzat transmisino hori oso-oso aberasgarria da.

Zure azken sorkuntza nagusia LATTICE izenekoa da, Azkuna Zentroko sostenguagaz eta Europako proiektu baten barruan garatutakoa. Zer dakar piezak eta zelan lotzen da fisika kuantikoagaz?

LATTICE produkzino handi bat izan da niretzat, bi urteko prozesu luzea eskatu dauana. Europako laguntza bati esker sortu gendun Azkuna Zentroan, teknologia eta arte eszenikoak uztartzeko helburuagaz. Nik beti euki dot ikus-entzunezkoen, bideo-mappingaren, TouchDesigner lako programen eta interaktibidadearen inguruko jakin-mina; Euskal Herrian alor horretan dantzagaz esperimentetan lehenengotakoa izan nintzen. Eta LATTICEn zientzia eta artea uztartu gura izan nebazan.

Hau ez da erreza izango, zelan azaltzen da fisika kuantikoa mobimenduaren bidez?

Fisika kuantikoan badago printzipio bat, “bikoiztasunaren naturaz” edo “double nature” delakoaz berba egiten dauana: partikula eta uhina. Hori irakurri nebanean, nire barrenean pentsau neban: “Ni be oso partikula naz batzutan, eta oso uhin beste batzutan!”. Partikula da kanpoko estimuluz beteta gagozela, erritmo bizkorrean, desartikulauta, sare sozial eta bizitza bizkor honek eroanda. Uhina, barriz, mobimendu arina da, lurruntsua, barruko lasaitasunagaz konektetan gaituena. Piezan bi kalidade horreek lantzen doguz gorputzagaz: mobimendua gelditu edo moztu egiten danean partikula gara; uhina garenean, barriz, mobimendua olatu baten moduan pasetan da gorputz osotik, etenik barik.

Zelan lortu dozu hori guztia transmitidutea? Eszenografiak pisu handia eukiko dau atal horretan, ezta?

Oso handia! Izan be, guztia dago konektauta. Adibidez, plastiko oso fin bat erabili dogu eszenatokian, haizagailuekaz batera. Haizagailuak biztean, plastikoak uhin itxura hartzen dau, gardentasuna eta grabedadearen kontzientzia itzela emonaz. Bestalde, metalezko bi egitura handi erabili doguz: banatuta dagozenean bakoitxa bere aldetik doa (bikoiztasuna), baina alkartzen direnean zirkulu oso bat osatzen dabe, bi aldeen bizikidetza irudikatuz. Dena zentzu bategaz jarrita dago, ezer ez dago ausaz edo collage moduan eginda; dana dago konektauta.

Jenteak ikuskizunaren amaierako argiak eta txaloak baino ez dauz ikusten, baina zenbat lan dago atzetik?

Itzezleko bidea dago! Koreografo baten lana ez da dantzara mugatzen. Lehenengo ideia dator, gero dosier guztiak idatzi behar dira, eta jarraian dirulaguntzak lortzeko burruka gogorra dator. Dirua lortu ezkero bakarrik egin zeinke lana. Eta harrigarria badirudi be, sorkuntzan entseiatzen pasetan dogun denpora oso-oso laburra da prozesu osoagaz alderatuta! Behin estreinauta, salmenta eta banaketa dator, eta hori beste marroi handi bat da.

Holango proiektu bat aurrera atarateko talde handia euki dozu LATTICE osatzeko?

Bai, niretzat ardura eta persona kopuru aldetik egin dodan produkzinorik handiena izan da. Oholtzan bi dantzari egon gara, baina atzetik ikus-entzunezkoen teknologiaz arduratu dan persona, eszenografia diseinatzailea, musikagilea, argi-teknikaria eta kanpoko begirada deritzona, euki doguz. Horreek guztiak ordaintzea eta taldea kudeatzea oso gatxa da, baina aldi berean ezinbestekoa holango lan bati bultzada emoteko.

Eta zelangoa da martxan mantentzea?

Horixe da kontua! Prezio eta baldintza oso onetan ekoitzi dogu LATTICE, baina gaur egun areto eta jaialdietan programetako aurrekontu txikiak dagoz. Produkzino handi bat daukazu eskuartean, baina gero areto askok ezin dabe hori ordaindu. Horregatik, orain pieza sinplifiketan edo ‘ B Plan ‘ bat prestetan ibili behar naz, errezago saldu ahal izateko. Edo kaleko ikuskizun barri bat osatzeko pentsetan, kaleko ikuskizunak errezagoak direlako herri eta jaietan mobitzeko. Azken finean, oreka topau behar da beti.

Teknologiaz gan, gai personalagoak be landu dozuz, adibidez Gernikako bonbardaketa ‘Ahotsa’ proiektuan….

Bai, ‘Ahotsak’ lana niretzat oso berezia izan da. Gernikako bonbardaketako lekukotzak erabili nebazan pieza hori sortzeko; adibidez, Bakearen Museoan dagozan testigantzak eta Gernikan sortutako beste proiektu batzutako ahotsak bildu genduzen. Sormen-lan hori Parisera be eroan gendun, baita Biarritzera be, eta orain dala gitxi, irailaren 18an Donostian plazaratu dogu Dantza Hiria jaialdiaren barruan. Leku bakoitxean harrera oso ona izaten lagundu euskun, aretoko bertsinoan zein kalekoan.

Koreara, Venezuelara, Detroitedera zein Parisera eroan dozuz zure lanak urte honeetan. Baina zelan bizi dozu etxera bueltau eta Gernikan edo inguruan dantzatzea?

Oso esperientzia berezia eta hunkigarria da beti. Etxean dantzatzera joaten zarenean, familiartekoak, lagunak eta inguruko jentea daukazuz aurrean. Nire ingurukoek badakie zelango kalbariotatik eta egoera gatxak pasau behar izaten dodazen nire proiektuak aurrera aterateko, eta badakie nundik ateraten dodan indarra. Horregatik, etxean jasoten dan babesa eta beroa deskribiduterik ez dago. Indar barritzeko iturri nagusia da niretzat.

Sorkuntza gogor baten aurretik badaukazu erritual berezirik eszenatokira urten aurretik?

Ez daukat erritual magikorik. Baina koreografo eta konpainia buru zarenean, zeure buruagaz barruko lan handia egin behar dozula. Dantzaria bakarrik zarenean oholtzaratzen zarean dantzan baino ez dozu pentsetan; baina ni adi nago gauza guztiez: argiak, musika, kideak, teknika… Dana kontrolpean euki beharraz, neure buruari barruko lasaitasuna eta kontzentrazinoa eskatzen deutsot. Arnasa sakon hartu, lurrera jaitsi, lasai egon eta gauza guztiak ondo antolatuta dagozela seguretatzen saiatzen naz.

Zure ustez, euskal gizartean nahikoa ezagutzen eta baloratzen da dantza garaikidea?

Sartu-urtenak eta lan asko dago egiteko oraindik. Esate baterako, hezkuntzan eta eskoletan askoz interakzino handiagoa euki beharko leuke dantzak. Frantzian asko ikusten da hori: koreografoak ikastetxeetara gonbidatzen dabez, proiektuak egiten dabez umeekaz, eta txikitatik ikasten dabe zer dan gorputzagaz adieraztea eta mobitzea. Horrek jarrera, emozioen kudeaketa, gorputzaren eta buruaren arteko konexioa eta bizi-herraminta zoragarriak emoten deutsiez umeei. Hemen, ordea, arlo hori nahiko baztertuta dago oraindik.

Eta azken galdera, adimen artifiziala eta gailu digitalen garai hauetan, zer gertatuko da dantzagaz?

Esperantza handia daukat. Nik uste dot boom honen ostetik, lehengo gauzetara bueltauko garela barriro! Adimen artifizialak eta pantailek erantzun gitxiago emoten deuskuez persona moduan; gero eta gitxiago balio deuskue barruko hutsuneak beteteko. Jenteak elkar ikutzea, aurrez aurre egotea eta gauzak elkarbanatzea behar dau. Dantza presentziala da, gorputza da, energia da. Hori ezin dau makina batek ordezkatu. Behar-beharrezkoa dogu geure izateagaz eta ingurukoakaz benetan konektetea!