Bermeoko herria kulturaz eta bizitzaz janzteko prest dago berriro be. Urriaren 20tik 24ra bitartean, Mareak Jaialdiak hamabi urte beteko dauz eta bederatzi proposamen desberdin dakarz herriko hainbat txokotara. MB2000 elkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako jaialdi honek tradizioa zein abangoardia lotuko dauz berriro, askotariko diziplinak mahaigaineratuz: zinema, musika esperimentala, ahozko narrazioa, literatura, dantza garaikidea eta gure ondarearen balioa. Ekitaldi gehienak doakoak izango dira.
Ibilbidea urriaren 20an hasiko da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Arcadia dokumentalaren emanaldiagaz. Paul Wrighten lan honek Britainia Handiko landa-inguruneko historia eta herri-tradizioak aztertzen dauzartxiboko irudien bidez, Adrian Utley eta Will Gregoryren soinu-bandagaz lagunduta. Hurrengo egunean, urriaren 21ean (18:30), Ameli kontalariak Ongi etorri ikuskizuna aurkeztuko dau Arrantzaleen Museoan; 16 urtetik gorakoei zuzendutako saio honetan ipuinak, musika eta umorea uztartuko dabez Amaia Elizagoienek eta Itziar Olaguek.
Urriaren 22an, 19:00etan, Nestor Basterretxean berriro, Yohann Villanuak Oda Marítima zine-kontzertua eskainiko dau Christophe Barennes pianistagaz batera, Fernando Pessoaren poesian oinarritutako bidaia sentsoriala proposatuz.
Barikuan, urriaren 23an, saio bikoitza egongo da:
-
18:30ean (Arrantzaleen Museoa): Jorge Luis Marzo arte-historialariak Tristes pupilas liburua aurkeztuko dau, XIX. mendeko itsasontzien branketako emakume-irudien inguruko gogoeta eginez (doan).
-
20:30ean (Kafe Antzokia): Harria taldeak folk, rock, psikodelia eta euskal tradizioa lotuko dauz kontzertu berezi batean (Sarrera: 6 €).
Zapatuan, urriaren 24an, egitaraua goizetik hasiko da. 11:00etan Santimamiñera bisita gidatua antolatu da Juan Carlos López Quintana arkeologogaz (doan, baina aurrez izena eman behar da mb2000.elkartea@gmail.com helbidean). Arratsaldean, 19:00etan, Zalantza baten itzala taldeak musika esperimentala eta gogoeta politiko-soziala eramango dauz Irakaskintzako karpara (doan).
Jaialdiari amaiera emoteko, 21:30ean Bermeoko Kafe Antzokian saio bikoitza egongo da (Sarrera bakarra: 8 €): lehenengo, Amaia Elizaranek eta Silberius de Urak IRAUN dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko dabe; ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren ahots-esperimentazio eta folk abangoardista kontzertua izango da.
Bermeoko Udalak eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu gura dabez kulturaz gozatzera eta esperientzia artistiko barriak ezagutzera.



