Ereño gorria ezagutzeko aukera paregabea antolatu dabe Gautegiz Arteagan Ondarearen Jardunaldien barruan

Gautegiz Arteagako Udalak, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, bisita gidatua antolatu dau datorren urriaren 17rako, larunbata, Andrabideko harrobietara. Ekimen honen bidez, Ereño gorria hurbiletik ezagutzeko eta bere historia zein garrantzia azpimarratzeko parada egongo da. Kareharri berezi hau Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak Nazioarteko Ondare Arroka gisa aitortu eban 2024an, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gune estrategikoa da gaur egun.

Ereño gorriaren tonu berezien atzean belaunaldiz belaunaldi egindako lana dago: esfortzu handiz ateratako bloke laukizuzenen eta harrobien historia bizia da, oraindik be gure paisaian argi ikus daitekeena. Hori dela eta, abian jarritako proiektuekin harri honen balioa nabarmendu eta bere etorkizuna babestu nahi da.

Ibilbidean parte hartu nahi daben herritarrek hitzordu erraza dabe:

  • Data eta ordua: Urriaren 17a, larunbata, 11:00etan.

  • Topagunea: Gautegiz Arteagako plaza (bertatik autobusa urtengo da harrobirantz).

  • Prezioa eta hizkuntza: Doako ekintza da, gaztelaniaz bideratua.

Parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, Kultur Etxera deitu ahal da (946 271 563), WhatsApp mezu bat bidali, edo antolatzaileekin harremanetan jarri posta elektronikoz (jalb.moon@yahoo.es) zein telefonoz (656 775 148).