Inoiz pentsatu dozu tresna bat jotzen ikastea baina ez dozu astirik edo aukerarik aurkitu? Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak aukera paregabea ekarri dau azaroan: trikitixa eta biolontxeloa jotzen hasteko ikastaro bereziak antolatu dabez, 16 eta 99 urte bitarteko herritarrei zuzenduta.
Proposamen honen helburu nagusia da musika praktika jendeari hurbiltzea, aurretik solfeo edo musika hizkuntzako ezagutzarik izan gabe ere. Lehenengo egunetik bertatik planteamendu erabat praktikoa eukiko dabe saioek, ikasle bakoitzak tresnea hartu, lehenengo oharrak atera eta esperientziaz gozatzeko aukera izateko.
Hiru saio lehen urratsak emoteko
Tailer bakoitzak ordubeteko hiru saio praktiko izango dauz, 20 euroko prezioan:
-
Biolontxeloa: Astelehenetan emongo dira eskolak, 11:00etatik 12:00etara, azaroaren 2, 9 eta 16an.
-
Trikitixa: Martitzeneetan izango dira saioak, 19:00etatik 20:00etara, azaroaren 3, 10 eta 17an.
Parte-hartzaileek ez dabe musika-tresnarik ekarri beharrik izango, eskolak berak itziko dabezelako beharrezko tresna guztiak. Hori dela eta, toki kopurua mugatua izango da.
Informazio gehiago eskatzeko edo lekuak erreserbatzeko bide honeek erabili ahal dira: 94 627 02 14 telefonora deituta, idazkaritza@segundoolaeta.net helbidera mezu bat idatzita edo euren Instagram profiletik (@segundoolaeta).



