Gernika-Lumok zaintza sistema eraldatzeko eta herriko beharrei erantzuteko Ekintza Plana jarri dau martxan

2025ean egindako diagnosiak lau arazo nagusi azaleratu ebazan: zaintzen feminizazioa, lan-prekarietatea, emakume migratzaileen ezinbesteko papera eta zerbitzu publikoen gabezia. Irailean abiatutako prozesu honek Gernika-Lumoko Udalaren finantzaketa osoa dauka eta zaintzen eredu publiko zein komunitarioa indartzea du helburu.

Gernika-Lumoko Zaintza Mahaiak 2026ko irailean abiarazi dau udalerriko lehenengo Zaintza Ekintza Plana. Egitasmo honen xede nagusia zaintzen dabezenen zein zainduak izaten diren pertsonen beharrei erantzun egokia emotea da, herriko eragileen arteko koordinazioa hobetuz.

Prozesua hausnarketa egiteko lau saiorekin garatuko da eta bertan herriko funtsezko eragileek parte hartuko dabe. Topaketa hauetan detektatutako beharrak partekatu, egungo egoera aztertu eta tokiko zaintza sistema hobetzeko proposamen zehatzak definituko dira.

Bilerez gain, azarorako beste topaketa berezi bat antolatu da EAEko beste udalerri batzuen esperientziak bertatik bertara ezagutzeko eta elkarrekin ikasteko. Ekimena osorik finantzatzen dau Udalak, eta Emagin Elkartearen bidelaguntza teknikoa dauka.

Zaintza Mahaiak pentsiodunen mugimenduko kideak, Sare Feminista, Ideasur elkartea, komunitate-erizaintzako profesionalak, Udala, alderdi politikoak eta sindikatuak biltzen dauz. Guztien arteko helburua zaintza erantzunkideagoak eta ekitatiboagoak lortzea da. Mahaiak dei egin die herritarrei eta eragileei urria eta abendua bitartean egingo diren ekimenetan parte hartzeko.