Muruetako EAJ-PNVren Uri Batzarrak aho batez aukeratu du Julen Karrion Lamikiz 2027ko udal-hauteskundeetarako alkategai. Egungo alkatea hirugarren aldiz jarriko da jeltzaleen proiektuaren buru, 2019az geroztik pilatutako kudeaketa-esperientziarekin eta herriaren alde lanean jarraitzeko ilusio zein apaltasun berberagaz. 28 urte eukiko dauz hauteskundeak heltzean, baina dagoeneko zortzi urteko ibilbidea dauka Udalaren buru.
Zuzenbidean graduatua da eta Gobernantza zein Kudeaketa Publikoko masterrak daukaz. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko Gaikuntza Laguntza Neurriak Hornitzeko Institutuko zuzendari kudeatzailea ere bada. Esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dabezan hautagaitza hurbila osatzea dauka helburu.
“Muruetan politika herritarrengandik gertu egin behar da, entzunez eta herrian presente egonez”, adierazi dau Karrionek. “Gure helburua ez da Murueta aldatzea, garen hori zainduz herriak aurrera egiten jarraitzea baizik”.
Agintaldi honetan auzoetan urteko bilerak sustatu dira eta etxebizitza, mugikortasuna, energia-eraginkortasuna zein herriko ondarea berreskuratzeko hainbat proiektu bultzatu dira. Datozen urteetan zerbitzuak eta espazio publikoak hobetzen jarraitzea izango da lehentasuna.



