Bosnia eta Herzegovinako ordezkaritza bat hartu dau Gernika-Lumok

Gernika-Lumoko Udalak ateak zabaldu deutsaz Bosnia eta Herzegovinako ordezkaritza instituzional bati. José María Gorroño alkateak harrera egin deutsie Euskadi eta Nafarroara etorritako ordezkariei, gatazkak markatutako komunitateen artean memoria, bizikidetza eta konfiantza barriro ereiltzeko esperientziak gertutik ezagutzeko helburuagaz. Bisita honegaz, bakearen eta memoriaren kudeaketan erreferente moduan kokatzen da barriro Gernika-Lumo.

Ordezkaritza hau herrialde balkaniarreko 23 udalerritan banatutako alkateek, udal arduradunek, Bosnia eta Herzegovinako Parlamentuko Batzarreko kideek eta gizarte zibilak osatzen dabe. Urriaren 19tik 23ra bitartean egindako bisita hau nazioarteko Možemo Bolje («Hobeto egin ahal dogu») proiektuaren barruan sartzen da. Ekimen honen helburu nagusia gizarte-kohesioa sendotzea eta bosniar komunitateen arteko adiskidetzea erraztea da.

Memoria eta bizikidetza, udaletik ereiten direnak

Bosniako ordezkariek interes handia erakutsi dabe Euskadin memoria historikoaren, biktimen aitortzaren, giza eskubideen eta herritarren parte-hartzearen inguruan egindako bideagaz. Gure lurraldera hurbiltzea ez da kasualitatea izan: indarkeriaren ondorioei aurre egiteko eta epe luzerako bizikidetza-politikei eusteko erakunde publikoen papera aztertu nahi izan dabe.

Gorroño alkatearentzat ere aberasgarria izan da topaketa hau, herri ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko: «Gernika-Lumo memoriaren garrantzia eta bakearen defentsa gogoratzen deuskun historia daukan udalerria da. Bosnia eta Herzegovinako udalerrietako ordezkariak hartzeak esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko aukera emoten deusku, erakundetik errespetuan, elkarrizketan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea eraikitzen nola lagundu gehiago ikasteko».

Bide propioa egiteko esperientziak batu

Bosniako udal ordezkariek argi adierazi dabe euren helburua ez dela eredu bat bera dela kopiatzea, baizik eta hemen hartutako erabakiak, erabilitako baliabideak eta bidean aurkitutako zailtasunak bertatik bertara ezagutzea. Udalen esperientzia oso baliagarria da 1992-1995 arteko guda ostean zatituta geratu ziren komunitateen arteko harremanak berreraikitzeko lanean ari diren ordezkari hauentzat.

Europar Batasunak finantzatutako Možemo Bolje egitasmoak —Nazio Batuen, EAEZen eta Europako Kontseiluaren laguntzagaz— komunitate arteko elkarrizketa, espazio publikoen berreskuratzea eta gazteen parte-hartzea bultzatu dau Balkanetan. Orain, erronka nagusia nazioarteko finantzaketa amaitzen denean esperientzia honek guztiak jarraitutasuna euukitzea izango da.