BBK Basoa hasi zanetik hamar urte igaro dira jada. Hamarkada honetan, BBK-k eta Lurgaia Fundazioak bultzatutako ekimenak 36.446 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu dauz Bizkaiko paisaia berreskuratzeko eta 60 hektarea baso biziberritzeko.
Ospakizun berezi honegaz batera, deialdi barria jarri dabe martxan urriaren 23, 24 eta 25erako: Muxikako Astelarra auzoan 1.500 zuhaitz eta zuhaixka landatzea da asmoa. Jardunaldia, gainera, ASTEKLIMA 2026 Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen barruan kokatzen da, herritarren parte-hartze aktiboa eta ekintza klimatikoa bultzatzeko asmoz.
Hamarkada honetan zehar, egindako lana herritarren bultzadari esker lortu da. Guztira 5.655 boluntario baino gehiagok hartu dabe parte lurraldeko 40 gune baino gehiagotan; tartean, Busturialdeko eta inguruko hainbat txokotan, hala nola Undabason, Gaztelugatxen, Matxitxakon, Arratzun, Bermeon, Madariaga dorrean edo Amunategin.
Aurreikusten denez, 2017 eta 2026 artean landatutako baso autoktono hauek 11.000 tona CO2 baino gehiago xurgatuko ditue datozen lau hamarkadetan. BBK-k eta Lurgaia Fundazioak herritar, familia eta elkarte guztiak gonbidatzen ditue Muxikako lan-jardunaldietara hurbiltzera eta ingurumena berreskuratzeko komunitate-sare honen parte izaten jarraitzera



