Elantxobeko Udalak eta Merkataritzako Itsasketako Kapitainen Euskal Elkarteak gogorarazpen eta omenaldi ekitaldi sentibera egin eben zapatuan herriko Talaian. 1936ko gatazkaren hasierako 90. urteurrena betetzen denean, gerra hartan bizia galdu eben merkataritza-marinel guztiak gogora ekarri eta aitortza eskaini deutsie.
Ekitaldian erakundeetako ordezkariek, familiakoek eta itsas munduko hainbat kidek hartu eben parte. Tartean izan zen Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Patxi Odiaga Merkataritza Itsasketako Kapitainen Euskal Elkarteko presidenteagaz batera. Ekitaldiari amaiera emoteko, biktimen oroimenez prestaturiko plaka oroigarri bat desestali eben ikusgarrian dagoen Talaian.
Merkataritza Itsasketako Kapitainen Euskal Elkarteak emondako datuen arabera, 700 merkataritza-marinel baino gehiago hil ziran gerra haren ondorioz, horreetako asko errepresalien biktima zuzenak izanda.
Barredo sailburuak bere hitzaldian azpimarratu eban Euskadik itsasoagaz daukan lotura historiko eta sendoa. Horregaz batera, gogora ekarri eban 1936ko urrian Jose Antonio Agirre lehendakariaren gidaritzapean eratu zen lehen Eusko Jaurlaritza, Itsas Armada Zibilaren inguruko erantzukizunak bere gain hartu ebazana.
Amaitzeko, sailburuak gogoratu eban zein garrantzitsua den historia hau eta itsasgizon hauen oroimena belaunaldi barriei helaraztea. Bere hitzetan: “Beren historia Euskadiren historiaren parte da. Haien memoria, gure memoria be bada”.



