Inork ezingo du esan ez zekienik, Gazako irudiak ikusi ez zituela alegatu. Inork ezingo du esan ez zekienik, hildako pilatuak ikusi ez zituela, ezta oihal artean bildutako gorpuei emandako besarkadak. Inork ezingo du esan ez zekienik, gosez hiltzen ari diren haurren irudiak ikusi ez zituela. Gurasoen desesperazioa. Inork ezingo du esan ez zekienik. Sirenak, oihuak eta negarrak entzun ez zituela. Bonbak. Erabat lurperatutako auzoak. Dena galdu dutenen begirada.
Inork ezingo du esan ez zekienik, dena gure begien aurrean ematen ari delako. Egunaren argi betean. Kalkuluan, zalantzan edo isilik dagoen nazioarteko komunitatearen aurrean. Israeleko gobernua, bere inpunitatearen jakitun denaren basakeria burutzen ari da. Hiri suntsituak, etxe eraitsiak, ur- eta argi-hornidurak moztuta dituzten ospitale kolapsatuak, kanpalekuetan pilatutako jendea eta alanbrez eta kontrol-postuz inguratutako eremu itxi baten barruan nahitaez desplazatutakoak. Gaza bizi ezinezko leku bihurtu nahi dute, bertakoek alde egin dezaten. Eta hau ez da gaurkoa, hamarkada askotako egia da. Ageriko genozidio honen aurrean ere, Israeli babes politiko, ekonomiko eta militarra ematen jarraitzen zaio.
Eta, hala ere, palestinar politika izan da bere anbizio eta eskakizunak gehien moderatu dituena, Israel gero eta jarrera erradikal eta maksimalistagoetara mugitu den bitartean. Azken urteotan, juduen asentamenduak etenik gabe zabaldu dira; gobernuak jarrera fundamentalistak bere egin ditu; eskubide guztiak sistematikoki urratu eta ukatu ditu eta palestinarrak piztien pareko mailara murriztu ditu, sionismoaren ustezko betebehar “zibilizatzailearen” izenean.
Gizarte israeldarrak ere badu erantzukizuna guzti honetan. Hamasen atentatu terroristen osteko “batasun nazionala” ezin da “itsutasun nazionala” edo “itsutasun morala” bihurtu. Herri oso baten aurkako gerra baten moraltasun falta sakona gizateriaren aurkako krimena da. Ez dago salbuespenik.
Askoz errazagoa da herriak gerrarako heztea bakerako baino. Espiritu belikoan hezteko, nahikoa da instinturik baxuenetara jotzea. Bakerako hezteak ausardi handiagoa eskatzen du; bestea ezagutzeko, entzuteko eta ulertzeko ausardia. Erantzukizun indibidualak ere badu zeresana honetan.
Bereziki mingarria da Europar Batasunaren jarrera koldarra. Genozidioarekiko konplizitatea, azkenaldian planteatu dituen migrazio-politika deshumanizatzaileekin batera, proiektu europarra bultzatu zuten oinarrizko printzipioen aurka doa. Delors-ek adierazi zuen Europa ez dela emaitza material hutsetan oinarritzen, bazik eta espiritu batean ere bai; egun, espiritu hori hilzorian dago, erreferente etikoen, lider politikoen eta benetan anbizio handiko proiektu baten faltan.
Inork ezingo du esan ez zekienik. Historiak epaituko gaitu.





