Euskal Selekzinoak haren lehen Munduko Txapelketa ofiziala lau urre, zazpi zidar eta brontzezko domina batekin amaitu dau. Bestalde, hirugarren postua eskuratu dau domina-taula nagusian.
Euskal Selekzinoak amaitu dau Pelotako Munduko XX. Txapelketan izan dauen parte-hartzea, historiarako geratuko dan jardunaldikaz. Selekzino ofizial moduan nazinoarteko txapelketa handi batean lehen aldiz parte hartu dauen honetan, Euskadik 15 modalidadetan lehiatu dau eta horreetako 12tan podiumera igotzea lortu dau: lau urrezko domina, zazpi zidarrezko domina eta brontzezko domina bat eskuratuta.
Txapelketan zehar lortutako emoitzek agerian itxi dabe euskal pelotaren maila lehiakor handia, eta Euskal Selekzinoa nazinoarteko pelotaren erreferente nagusien artean kokatu dabe.
Guztira 12 domina lortuta, Euskadik hirugarren postua eskuratu dau txapelketako domina-taula nagusian: Espainiaren eta Argentinaren atzetik, eta Mexiko, Frantzia, AEB, Kuba eta Uruguairen aurretik. Emoitza sano esanguratsuagoa da kontuan hartuta Euskal Selekzinoak 30, 36 eta 54 metroko ezker hormako frontoiko modalidadeetan eta trinketeko pala egokituko modalidadean bakarrik parte hartu dauela. Lehiaketa-programearen zati batean soilik ibili arren, euskal selekzinoak Munduko Txapelketako ordezkaritza nabarmenenen artean kokatzea lortu dau.
Euskal selekzinoaren debuta ez da soilik emoitza lehiakorren kontua izan; mugarri emozional eta instituzional bat be bada hamarkadotan bidea edegi gura izan daben kirolari eta eragile guztientzat. Euskal pelota mundu osoan zehar zabalduta eta errotuta dagoan diziplina da, baina ofizialtasunaren autortzea lortzea amets bat izan da belaunaldi askorentzat.
Beraz, txapelketan lortutako emoitzek erakusten dabe egitura sendoa eta etorkizun oparoa ditugula. Kirolari bakotxaren atzean ordu askotako entrenamenduak, sakrifizinoak eta familia zein kluben babesa dagoz. Gainera, harrobiaren lanak bere fruituak emon ditu: gazteek erakutsi dabe maila gorenean lehiatzeko gaitasuna eta kapazidadea daukatela, nazinoarteko pabiloietan ikurrina harro erakutsiz. Etorkizunera begira, arrakasta honek ilusino barria biztu daualkarte eta federazinoen artean, datozen erronkei aurre egiteko gogotsu eta konpromiso handiagoarekin jarraitzeko bultzadea emonez.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak, oso modu positiboan baloratu ditu euskal ordezkaritzeak lortutako emoitzak: Euskal Selekzinoak Munduko Txapelketa historikoa egin dau. Dominez harago, emoitza honeek gure pelotarien talentua, lana eta konpromisoa erakusten ditue, baita euskal pelotaren ekosistema osoaren indarra be. Harro gagoz Euskadi kantxan zein kantxatik kanpo ordezkatu daben moduaz.
Era berean, parte-hartze horrek dauen balio sinbolikoa nabarmendu dau: Txapelketa hau mugarri bat da euskal kirolarentzat. Euskadi mundu mailako agertokian ofizialki lehiatzen ikusi dogu, eta, gainera, aparteko emoitzak lortzen. Hamabi domina honeek gure kirolaren historiaren parte izango dira hemendik aurrera, eta urte luzez kirolariek, klubek, federazinoek eta erakundeek egindako lanaren autortza be badira.
Holan, Euskal Selekzinoak Pilota Munduko XX. Txapelketan izandako parte-hartzeak arrasto ezatubaezina itxi dau. 15 modalidadetan lortutako 12 dominekaz, Euskadi Argentina eta Uruguaiko hitzordutik bueltauko da goi-mailako kirol jarduna egin izanaren satisfazinoagaz, eta kirolaren bidez nazinoarteko presentzia indartzeko bidean beste urrats esanguratsu bat emonda.

Euskal Selekzinoak lortutako dominak ondoko honeek izan dira:
Urrezko dominak (4)
- Gizonezkoen Zesta Punta binakakoa: Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa (Euskadi) 2 – Johan eta Gorka Sorozabal (AEB) 1 (15-9, 10-15, 10-4).
- Gizonezkoen Zesta Punta banakakoa: Aritz Erkiaga (Euskadi) 2 – Olharan (Frantzia) 0 (15-12, 15-7) . Finala.
- Gizonezkoen eskuzko binakakoa: Eñaut Lizeaga eta Oier Elorz (Euskadi) 2 – Canabal eta Apeztegia (Espainia) 0 (10-7, 10-9) . Finala.
- Trinkete egokitua: Edorta De Anta eta Germán Elkoro (Euskadi) 2 – Navarro eta Cabanne (Frantzia) 0 (15-10, 15-9). Finala
Zilarrezko dominak (7)
- Emakumezkoen Zesta Punta binakakoa: Maite Ortiz de Mendivil eta Maia Goikoetxea (Euskadi) 0 – Erika eta Arai (Espainia) 2 (9-15, 12-15) .
- Emakumezkoen Zesta Punta banakakoa: Helena Barrenetxea (Euskadi) 0 – Mugartegi (Espainia) 2 (11-15, 14-15). Finala.
- Gizonezkoen eskuzko banakakoa: Ekhi Irribarria / Gaizka Carregal (Euskadi) 0 – Jorge Fernández (Espainia) 2 (0-10, 4-10) . Finala.
- Emakumezkoen gomazko paleta: Nagore Martín (Euskadi) 0 – Maider Ardanaz (Espainia) 2 (10-15, 13-15) . Finala.
- Gizonezkoen frontballa: Julen Alberdi (Euskadi) 0 – Niño Abraham (Mexiko) 2 (6-10, 3-10).Finala.
- Gizonezkoen pala egokitua (36 metro): Germán Elkoro eta Edorta De Anta (Euskadi) 0 – Navarro eta Cabanne (Frantzia) 2 (9-15, 9-15). Finala.
- Gizonezkoen pala motza: Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez (Euskadi) 1 – Baeza eta Insausti (Espainia) 2 (15-9, 11-15, 5-10). Finala.
Brontzezko dominak (1)
- Emakumezkoen frontballa: Miren Larrarte (Euskadi) 2 – Rengel (Venezuela) 0 (10-5, 10-8). 3./4. postua.



