“Orain hasi behar gara gauzak egiten, bestela galdu egingo da euskera Gernika-Lumon”

URKO URRUTIKOETXEA
Mobidu euskera taldeko kidea

Busturialdeko gazteen artean euskeraren erabilerak behera egin dauala ikusita, egoerari buelta emoteko asmoz sortu zan Mobidu, Gernika-Lumoko gazte euskaltzaleen taldea. Hutsune handietako bat hor dagoala sumatuta, aisialdirako euskerazko alternatibak eskaintzea da Mobiduko kideen zeregin nagusietako bat eta, era berean, gazteen artean hizkuntzaren aldeko jarrera aktiboa bultzatzeko ahaleginean be ibilten dira. Bermeoko Etxalak taldeagaz alkarlanean, Busturialdeko Gazte Euskaltzaleen Topaketa egin eben uztailaren 19an, Gernika-Lumoko Pasealekuan; euskerari bultzada emoteko eta gazteek hizkuntzaren alde ekinean segiduko dabela erakusteko. Bide batez, gazte euskaltzaleen arteko sarea indartzeko pausoa izan zan topaketea.

Egun osoko egitarau zabala atondu eben, mahai-inguru bategaz hasita, ‘Zergaitik da garrantzitsua euskeraz saretzea?’ izenburupean. Talde argazki masiboaren ostean, bazkaria, bingo musikatua, euskal olinpiadak eta kontzertuak etorri ziran. Mobiduko kidea da Urko Urrutikoetxea morgarra, eta berak kontau deuskuz topaketaren nondik norakoak eta alkarteak dituen asmoak.

Uztailaren 19an egin zenduen Busturialdeko Euskaltzaleen Topaketa. Zer moduz joan zan eguna?

Egun osoko egitaraua izan zan eta jentea animau zan, gogotsu ibili ginan. Berbaldiak egon ziran lehenengo, horra jente gitxitxuago animau zan arren, bazkarian eta kontzertuetan giro polita egon zan. Mobiduren ardatzetako bat aisialdia euskeraz eskaintzea da, Gernika-Lumon aisialdia espazio euskalduna izatea gura dogu, eta uztaileko topaketan bete-betean lortu gendun.

Zerk bultzatu zaitue halako topaketa bat antolatzera?

Batez be, azpimarratu gura gendun euskaltzaleen arteko sarea sortu beharra. Orain dala gitxi sortu zan euskaltzaleen taldea Bermeon, Etxalak, eta guk Gernika-Lumon urte batzuk gehiago daroaguz Mobidun. Ikusi gendun momentu ona zala batzeko, alkarregaz zeozer egiteko, eta aprobetxau gendun topaketa egin eta ahalik eta jente gehien animetako. Euskereagaz arduratuta gagozanon sarea sortzeko jente barria erakartea be bazan asmoa. Azken batean, aurrera egin gura badogu eta aldaketak lortu gura badoguz, herritik hasi behar gara. Polita da ikustea Gernika-Lumon martxan gabilzala, Bermeon be ekin deutse, orain alkarregaz gauzak egin behar doguz, hartu-emona bultzatu. Ikusten da alkarregaz indartsuagoak garela, pauso txikiak emonaz aurrera goaz.

Gazteen topaketa izan zan gehienbat uztailekoa. Zuen edadekoen artean euskeraren erabilerak behera egin daualako arduratuta zagoze, ezta?

Bai, hori da. Gernika-Lumon, azken datuen arabera, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean euskeraren erabilera %45,5 da; Bermeon, %8,6, hor larriago dabilz. Orduan, gure asmoa horri bueltea emotea da, alde batetik, gazteak kontzientziau eta burruka honetan aktibetako, eta, bestetik, euskeraren ardura hartzea, ikustea egoera benetan larria dala. Orain hasi behar gara gauzak egiten, bestela galdu egingo da euskera Gernika-Lumon. Ia kontzientzia biztuten badogu gazteen artean.

Gazteei jagokenez, ze faktore dagoz erabileraren beherakadaren atzean?

Aisialdian hutsune garrantzitsua ikusten dogu: musikan, bideo-jokoetan eta halakoetan euskerak leku txikia dauka, eta pentsau internet ia osoa erderaz dagoala. Internetek aukera handiak eta oso onak emoten ditu, baina arriskua be badakar. Globalizazinoaren eraginez erreferente euskaldunak falta doguz. Erabileraren beherakadari erantzunez, gero eta influencer euskaldun gehiago hasi dira agertzen, baina oraindino ez da nahikoa. Gu geu be, Mobidun, hutsune horri erantzuteko ahaleginean gabilz, aisialdi euskalduna eskaintzen dogu, alternatibak sortzen doguz.

Aisialdiaz gan, Busturialdean gazteek trabarik topetan dozue egunean-egunean euskeraz bizitzeko?

Zorionez, Gernika-Lumo euskeraren arnasgunetzat jo leiteke, baina egia da zerbitzuetan eta administrazino publikoan trabak agertzen dirala batzuetan. Adibidez, medikuarenera joan eta, askotan, ezin deutsue euskerazko arretarik emon, taberna batzuetan be ez dabe lehenengo berbea euskeraz esaten. Gernika-Lumon egoerea ez da hain larria, eta eskerrak, baina badagoz oztopoak.

Topaketan aldarrikatu zenduen ‘txapie emoten’ segiduko dozuela. Horregaz zer esan gura dozue?

Txaparen esangurakaz jokatu dogu, ze frontoietan be txapa egoten da eta frontoia erreferente sendoa da euskal kulturan. Lotura horretatik abiatuta, esan gura dogu ez garela geratuko, segiduko dogu euskeraz eta euskeraren alde ‘txapa’ emoten.

Ganera, euskeraren aldeko ekimena herritik sortu behar dala aldarrikatzen dozue.

Ideala litxake gazte guztiak aktibauta egotea eta eskualde osoko gazteek parte hartzea, danon ideak kontuan hartuta.

Euskeraren aldeko jarrera aktiboa bultzatzeko orduan, motibauta dagoz Gernika-Lumoko gazteak?

Uztailaren 19ko topaketan ikusi gendun egon badagoala borondatea eta parte hartzeko gogoz dagoan jentea. Egun haretako ekitaldi guztiak antolatzeko gauza asko egin behar ziren, esate baterako, bazkariak preparau, barran egon… Bada, jente nahikotxu euki gendun laguntzeko prest, egun osoa lan eta lan pasau ebenak. Beti gura izaten dogu gehiago izatea, baina egon ziranak ez ziren gitxi izan eta, ganera, lan fina egin gendun danok.

Oraingoz, Mobidu eta Etxalak alkartu zarie lankidetzarako. Beste eragilerik batuko da?

Eskualdean hasi gara beharrean, Busturialdean, baina hemendik kanpora be begiratu gura dogu, Bizkaira. Badakigu Arratian euskera taldea sortu dala orain dala gitxi, Markinan be badabilzala uste dot. Ganera, Gazte Euskaltzaleen Sareagaz (GES), erakunde zabalagoagaz, be bagabiz kontaktuan. TindEHEr izeneko dinamika barri bat ipini dabe martxan eta Mobiduk parte hartuko dau hor. Euskal Herrian dagozan euskera taldeak alkarregaz lotzen ditue eta toketan dan herriko taldeagaz topaketak egiten dira; uste dot uztailaren 19an guk egin genduanaren antzekoak izango direla. Etxalakegaz batera emon dogu izena, hareek eta guk talde bat osotu dogu TindEHEr-erako. Interesgarria da guretzat hor parte hartzea, gure helburuagaz bat datorrelako, hau da, euskaltzaleon sarea handitzeagaz.

Zeintzuk dira Mobiduren jarduera nagusiak?

Orain topera ibili gara uztaileko topaketeagaz, udako apostu nagusia izan da guretzat. Aurrerago, batzar edegi bat egiteko asmoa daukagu, ia topaketaren ostean jente barria animetan dan; eta bide batez, datorren ikasturtean ze dinamika ipini geinkezan martxan aztertzeko. Idea batzuk badaukaguz baina forma emotea falta da, eta beste idea barriren bat agertzen bada, aurrera. Orain arte be, gauza interesgarri asko egin doguz: Astran Cover gauak, rap gauak, bazkariak, pelikula eta dokumentalen proiekzinoak, kirol txapelketak eta abar. Horrezaz gan, berbaldiak antolatzea be beharrezkoa da, kontuari ikutu politikoa emoteko, gure lanaren atzean dagoan motibazinoa azaltzeko. Aktibazinorako garrantzitsuak dira berbaldiak eta topaketa edegiak, baina aisialditik tiratzen dogu sarri, jentea errazago hurreratzen dalako holan. Uztailaren 19an formula hori erabili gendun, ze aisialdiko jardueren artean berbaldiren bat sartzen badozu, jentea etorten da. Berbaldia bera bakarrik jarten badozu, ostera, zoritxarrez ez dozu jentea erakarten.

Gaur egun zenbat jente zabilze Mobidun eta ze ezaugarri daukazuez?

Momentu honetan 15 bat lagun gabilz, lan nahiko txukuna egiten dogu, baina mundu guztia da ondo etorria. Gure batzar guztiak zabalik dagoz etorri gura dabenentzat. Batzar guztien barri gure komunidadeko taldearen bidez zabaltzen dogu, eta Instagramen eta X-n be aktibo gabilz. Azken batean, gu herriko gazteak gara, Gernika-Lumo eta inguruetakoak; ez gara entidade misteriotsu bat, beraz, gugaz bat egin gura dauanak errez dauka. Taldean bertan askotariko jentea daukagu, badagoz gaztetxuak, institutuan batxilergoa ikasten dabilzanak eta apur bat helduagoak be bagagoz, unibersidadera goazenok. DBHkoren bat be etorri izan da inoiz interesa agertzeko, egunerokoan gabilzanon talde trinkoan hain gazterik ez dagoan arren.

Ikastetxeetan lanketarik egiten dozue gazteenak erakarteko?

Aurtengo ikasturtean egin doguz aurkezpen batzuk Gernikako institutuan, batxilergoan dabilzanentzat. Hurrengo ikasturtean Institututik harago zeozer egin gura geunke, Barrutialden, Seber Altuben eta abar.

Euskerearen inguruko ardurak bultzatzen dau Mobiduren jarduna. Zuk zeuk zelan ikusten dozu hizkuntzaren geroa Gernika-Lumon eta inguruan?

Nire ustez, tristea da Gernika-Lumo moduko herri batean euskera talde baten beharrizana agertu izana. Baina, beste alde batetik, talde hori sortu izanak emoten dau itxaropen puntu bat, ikusten dodalako badagozala gazte gehiago zeozer egin guran eta egoereari buelta emoteko prest. Gero eta gehiago gara, ikasten gabilz, eta horrek poztu egiten nau.