Laugarren aldiz egingo da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskeraren erabilera bultzatzeko ariketa sozial erraldoia. Oraingoan, baina, udagoieneko fetxak ahaztu eta maiatzaren 15etik 25era da hitzordua. Parte hartu gura dabenentzat zabalik dago izena emoteko epea, Belarriprest edo Ahobizi txapa jantzi eta euskeraz jente gehiagogaz eta sarriago berba egiteko. Gernikako Euskaraldia Batzordekoak baikor dagoz, herriko entidade eta norbanakoek gogo handiz hartzen dabelako ekimena.
Euskeraren erabileran eragiteko asmoz, 2018ko udagoienean egin zan lehenengoz Euskaraldia, erakunde publikoen zein euskera alkarteen lankidetzari esker. Hizkuntzagaz lotutako inertziak aldatu eta eguneroko bizitzan euskerari leku zabalagoa egiteko hamaika eguneko erronka izan zan, bakotxaren gaitasunaren arabera: Ahobizi bihurtu ziran euskeraz ahal dan guztietan berba egiteko konpromisoa hartu ebenak; eta ulertu bai baina berba egiteko gaitasun txikiagoa dabenak, Belarriprest. Lehenengo edizino haren arrakasta ikusita eta oinarrizko ideiari eutsita, 2020an eta 2022an barriro egin zan eta, beraz, laugarren aldia izango da aurten.
Oraingoan, maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldia, hortaz, udabarri bete-betean loratuko da euskeraren aldeko ekimena. Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dabe laugarren edizinoan eta, aurrekoetan lez, Euskal Herri guztiko milaka eta milaka lagunek eroango ditue Ahobizi edo Belarriprest txapak paparrean. Entidadeak be Euskaraldiaren ezinbesteko eragile dira, hau da, erakunde publikoak, alkarteak, enpresak, dendak eta abar.
Gernikan, herri euskalduna izanik, gogo handiz hartzen da beti Euskaraldia eta aurten ez da salbuespena izan. Herriko Euskaraldia Batzordeko koordinatzaile Ekain Monjek dinoanez, eguna hurreratu ahala “modu esponentzialean” hazten dira parte hartzeko eskariak, baina aspaldi hasi ziran martxa hartzen. Behin Aste Santuko oporrak eta maiatzeko zubia atzean itxita hasiko da “zoramena”, baina Aste Santua hasi zanerako mila lagun baino gehiago egozan izena emonda.
Entidadeen inplikazinoagaz be pozarren dago Ekain Monje, herriko eragile ugari agertu diralako laguntzeko prest, batzuk Gernika-Lumoko Udalari lotuak, beste batzuk pribaduak zein herri ekimenekoak. Euskaraldia Batzordeko kide dira horko ordezkariak, Udaleko euskera teknikariagaz eta Monjegaz beragaz batera.
“Herriko erreferente diran entidade asko batu dira, adibidez, hezkuntza zentroek ordezkaritza zabala dabe eta oso aktibo dabiz”, azaldu dau Monjek. Beste herri edo eskualde batzuetan gatxagoa izaten da entidadeak Euskaraldira erakartea, baina Gernikan ez dago arazo hori. Kontrara, “komunikazinoa oso erraza da entidadeakaz, deialdia egiten dogun bakotxean bizkor egiten dabe bat eta batzarretan proposamen asko egiten ditue, laguntzeko prest dagoz”. Erakunde eta enpresek euskeraren alde daben jarreragaz lotu dau hori Monjek: “Euskeraren inguruan deia egiten danean, herriko entidadeak erantzuteko prest dagozala ikusten da”.
Ahalik eta gernikar gehien Ahobizi edo Belarriprest txapa jaztera animau daitezan, giroa berotzeko kanpaina egiten dabiz Euskaraldikoak. Euskal Herri osorako sortu diran baliabideek asko laguntzen dabe kontzientzia zabaltzen, esate baterako, 2025eko edizinoko abestiak. Bulego talde gipuzkoarrak sortutako Gure bihotzaren taupadak irrati, taberna zein jaialdietan makina bat aldiz entzun ahal izan dabe gernikarrek. Gorputza mobidu gura dabenentzat, ganera, koreografia aurkeztu dau Bilaka kolektiboak.
Maila lokalagoan, Gernikako Euskaraldia Batzordeak ahal dauen guztietan egiten dau parte hartzeko aldarria. Ekain Monjek kontau dauenez, udabarrian kirol eta kultur ekitaldi ugari egiten dira herrian, eta horreek aprobetxetan ditue Euskaraldiaren barri emoteko. Besteak beste, autoen rallyan eta Lekuek musika festibalean ikusi ahal izan doguz. Entidade laguntzaileen bidez be egiten dabiz zabalkundea. Euskaraldiaren lehenengo egunerako, ostera, Segundo Olaeta Musika Eskolakoek eta Urdaibai Kantagunekoek atonduko dabe ekitaldi bat. Informazino gehiago behar dabenentzat, martxan dagoz Gernikako Euskaraldiaren Whatsapp, Telegram eta Instagram kontuak.
Euskaraldia hamaika eguneko ariketa izango da, baina hizkuntza ohituretan eragin luzeagoa izatea da asmoa. Gernikaren kasuan, Euskaraldiaren inguruan sortzen dan adostasuna eta alkarlana urtearen beste sasoi guztietara zabaldu gura dau Monjek, “dinamika hori aprobetxau eta ez dadila gauza periodiko batean geratu, urte birik behin baino ez alkartzea”. Mobidu gazte euskaltzaleen taldean be badabil bera, eta beste eragile batzukaz alkarlana sortzea “polita” litzatekeala dino.
Izan be, euskeraz dakian jente asko bizi arren, Gernikan hizkuntzaren egoera ez da guztiz osasuntsua. Batez be, ezagutzatik erabilerarako saltoa sumatzen dala nabarmendu dau Monjek: “herrian ia danok dakigu euskeraz, baina gero jente asko entzuten dogu erderaz berbetan”. Euskaraldiaren helburuagaz bete-betean bat dator, beraz, Gernikan egin beharreko lana. Hau da, hizkuntza ohituretan eragitea da giltzarria, euskeraz sarriago egiteko kontzientzia zabalduta.
Diagnostiko orokorra hori izan arren, belaunaldien arabera desbardintasunak dagozala zehaztu dau Monjek. Edade batetik gora, kanpotik fabriketara beharrean etorritakoak dagoz, hezkuntza gaztelania hutsean jaso dabenak eta diktaduraren errepresinoa ezagututakoak. Horrek euskera erabilteko ohituran eragin sakona dauala dino Euskaraldiko koordinatzaileak. Horren ondorengo belaunaldikoek, ostera, “ardura handia” dabela uste dau, ume txikien guraso diralako orain. Kasu horretan, euskerazko hezkuntza jaso dabe eta txikitatik ezagutu ditue euskerazko marrazki bizidunak eta halakoak.
Dana dala, Monjeri ardura handiena eragiten deutsenak gaztetxuak dira, azken urteetan erabilerak nabarmen behera egin daualako. Gernikaren kasuan, “gaur egun, hamar gaztetik lauk baino ez dabe egiten euskeraz berba, ezagutza %98 bueltakoa izan arren”. Digitalizazinoagaz lotu dau, gazteek daukiezan erreferenteakaz: “goizean goizetik erreferenteak gaztelaniaz badaukazuz medioetan, aisialdian, hori arazoa da”. Horregatik, Mobidu taldea eta beste eragile batzuk “lan pedagogikoa” egiten dabizala dino.
Honenbestez, maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldiak aletxua ipiniko dau Gernikan gero eta euskera gehiago entzun dadin gazteen zein helduen ahotan. “Koordinazino Nazionalekoek azterlanak egiten ditue eta badirudi baietz, Euskaraldiak aldatzen dituala hizkuntza ohiturak”, azpimarratu dau Ekain Monjek. “Pozgarria da, ganera, urtean zehar persona batzuek txapa jazten segitzen dabela, ondo funtzionau dauen seinale argienetako bat, ze ezarritako hamaika egunetatik aparte jenteak segidu gura dau euskeraz berbetan”.
Beste eskualde batzuetan bizi izan dauanagaz konparauta, gernikarren jarrerea txalotu dau Monjek, eta ziur dago aurtengo Euskaraldia arrakastatsua izango dana: “Gernikan euskereagaz kontzientzia handia dago eta parte hartzeko gogoz dago jentea”.
Bideoak sare sozialetan
Euskaraldiaren ezaugarrietako bat Hamaikakoa dalakoa izaten da: gizarteko alor guztietako hamaika persona ezagun ekimena babesteko alkartzen dira eta euskeraren erabilerari bultzada emoteko konpromisoa hartzen dabe. Edizino bakotxean Euskaraldiaren Hamaikako nagusia egoten da, Euskal Herri guztikoa, baita herririk herrikoak be. 2025ean, honakoak dagoz Euskal Herrikoan: Eneko Atxa, Oihane Azkorbebeitia, Aitor Bengoetxea, Lutxo Egia, Eneko Garcia, Ana Goitia, Itziar Ituño, Roberto Moso, Zibel Damestoy, Esti Urresola eta Mikel Urrutikoetxea.
Gernikan, baina, aldatu egin dabe Hamaikakoaren kontzeptua aurtengo Euskaraldian. Euskeraz hamaika kontzeptuak daukan esangura zabala aprobetxauta, herrian erreferente diran pilo bat lagun batu ditue Euskaraldiari babesa emoteko. Bideoz grabau dabe bakotxaren mezua eta sare sozialen bidez zabaltzen hasi dira. Astero argitaratzen ditue bideo barriak Gernikako Euskaraldiaren Instagramen, eta Whatsappen eta Telegramen dituen harpidedunei be bialtzen deutseez.
Hamaikakoaren mezuari oihartzun handiagoa emotea da Gernikako Euskaraldia Batzordearen asmoa. “Hamaika lagun leku zehatz batean batu eta argazkia egiteari arazoa ikusten deutsagu, jenteak arin ahaztu leike”, azaldu dau Ekain Monjek. “Pentsau genduan erreferenteak hamaika baino gehiago izatea, euskeraz hamaika berbak daukan esangura sinbolikoa aprobetxauta, eta astero aurkezten doguz bideo laburretan, mezuari jarraikortasuna emoteko”.
Danetariko erreferenteak aukeratu ditue genero, edade, arraza eta gizarte alorraren aldetik. Tartean dagoz kirolariak, musikariak, kulturgileak, ikasleak, gazte mobimenduetakoak eta herrian gizarte lanean ibilten diranak. Batzuen bideoak ikusgai dagoz dagoeneko eta ganerakoak hurrengo asteetan ezagutuko doguz.





